Nominen ordainketan irregulartasunen ondorioz milaka euro galdu dituzte hezkuntza publikoko langile askok

2015/02/19
Gehienetan antzinatasunaren ordainketarekin loturiko irregulartasun larri eta sistemiko ugari antzeman ditu ELAk nominetan, Hezkuntza Sailari berehala konpontzeko exijitu dio eta konpondu ezean bide judizialera joko du. Egun ere, arazoa konpontzen ez den heinean dirua galtzen jarraitzen dute langile askok. Eta etorkizunera begira, ordaindu behar zaien soldata ez ordaintzearen ondorioz, beraien pentsioak ere kaltetuak gerta daitezke.

EAEko ikastetxe ezberdinetan eginiko lan luze eta sakon baten ondorioz ELAk irregulartasun larriak antzeman ditu nominen ordainketan. Irregulartasun hauek modu sistemikoan egiten diren akatsak dira, hau da, nominak egituratu eta gehienetan antzinatasuna ordaintzerakoan erabiltzen den sistemak akats ugari egiteko aukera ematen du, jaurlaritza honen jakitun da eta hau konpontzeko inolako erabaki eta bitartekorik ez du hartu. Honen ondorioz, hezkuntza publikoan lan egiten duten langile askok, finko nahiz ordezko edo interinoak, urte askotan zehar milaka euro galdu dituzte. Gainera, hauetako irregulartasun ugari oso antzinakoak dira, hau da hamarkada bat baina atzeragokoak.

ELAk irregulartasun hauen ondorioz kenduriko diru kopuruak erreklamatu dizkio Hezkuntza Sailari eta zati batean berreskuratzea lortu du. Hala ere, kasurik onenean, irakasle funtzionarioen kasuan alegia, erreklamazioak lau urte atzera soilik egin daitekeenez, diru kopuru garrantzitsuak berreskuratzea lortu dugun arren (hainbat kasutan 6.000, 7.000 edo 11.000€raino), ugari dira askoz ere kopuru handiagoa berreskuratu gabe geratu dira langileak.

Irregulartasun hauen ondorioak larriak dira atzera begira, milaka euro galdu dituztelako. Egun ere, arazoa konpontzen ez den heinean dirua galtzen jarraitzen dute langile askok. Eta etorkizunera begira, ordaindu behar zaien soldata ez ordaintzearen ondorioz, beraien pentsioak ere kaltetuak gerta daitezke.

Eusko Jaurlaritza arazo larri honen jakitun da. ELAk berak egoeraren larritasunaren eta akatsen izaera sistemikoaren berri zuzenean eman dio jaurlaritzari, arazoa berehala konpontzeko beharrezko baliabide guztiak jartzeko eskatu dio eta irregulartasun hauen ondorioz langileei kendu zaien diru kopuru guztia, inolako epe mugarik gabe, bueltatzea exijitu dio Hezkuntza Sailari.

Jaurlaritzak inolako erantzunik emateari uko egin dionez eta inolako konponbiderik jarri ez duenez, publikoki salatzea erabaki dugu, hitzarmena, langileen eskubideak eta lan-baldintzak larriki urratzen dituen jarduera larri hau. Honetaz gain, ikastetxe guztietan ehunka batzar egin ditugu gai honen inguruan eta lan horretan tinko jarraituko dugu. Aurkitzen ditugun irregulartasun guztiak salatu eta administrazio nahiz epai bidetik errekurrituko ditugu eta, administrazioa jakitun delarik konponbidea jartzeko inolako neurririk hartzen ez duen heinean, jaurlaritzaren aurka ere bide judiziala zabalduko dugu.

Irregulartasun hauen biktima izan daitezkeenaren ustea duten langile guztiak ELArekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu, egoera salatu eta arazo larri honi konponbidea jartzeko