Onartezina eta astakeria politiko eta soziala da krisi egoera honetan hezkuntzan murrizketa berriak inposatzea
Aste honetan bertan Madrilgo gobernuak zerbitzu publikoetarako orokorrean eta hezkuntzarako modu berezian aurreratu dituen murrizketa neurrien aurrean ELAk bere erabateko gaitzespena adierazten du. Aurrez inposatu diren murrizketa gogor guztien gainean murrizketa berri hauek hamarkada luzeetako borrokaren ondorioz lorturiko ongizate estatua eta hezkuntza unibertsala eta honen kalitatea arrisku bizian jartzen dute.
Gogoratu beharrean gaude jada inposaturiko murrizketa neurriek soldaten eroste ahalmen galera handia ekarri dutela, ehundaka lanpostu galtzea, ordezkapenak ez egin edo atzerapen handiz egitea, irakas orduen gehitzea, geletan ikasle gehiago izatea, behar berezietarako baliabideak gutxitzea, lan kargen handitzea, behar diren lanpostu berriak ez sortzea... eta honen guztiaren ondorioz hezkuntzaren kalitatea larriki kaltetzea.
Guztiz onartezina da gainera hezkuntzan erabateko eskuduntza duten Hego Euskal Herriko erakundeen gainetik neurri hauek inposatzeko saiakera. ELAk Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen die aurrez inposaturiko murrizketak atzera bota ditzatela eta bere eskuduntzak defendatuz ez ditzatela inola ere Madrildik inposatu nahi diren neurri onartu.
Onartezina deritzogu Iribas sailburuak momentuz erabakiaren formak bakarrik salatu izana eta Celaá sailburuak murrizketa neurriak ez dituela onartzen esatea, baina jarraian behartzen badute aplikatu beharko dituela esatea.
ELAk Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari exijitzen die murrizketa politika guztiz alde batera utzi eta hezkuntza eta gainerako zerbitzu publikoak garatzeko konpromisoa har dezatela. Murrizketa neurri hauekin ados ez badaude, esateaz gain, ez ditzatela aplikatu; gure eskuduntzak defenda ditzatela eta legez aplikatzea beste biderik ez dietela uzten uste badute bere iritzi politikoak mantenduz beren karguak utzi ditzatela.
Horrela egiten ez duten bitartean ELAk bere salaketa eta mobilizazio bidearekin jarraituko du eta hezkuntzako langile guztiei dei egingo die eraso berri hauei erantzuten jarrai dezaten.