Oso jarraipen zabal izan du grebak itunpeko irakaskuntzako gizarte ekimeneko ikastetxeetan

Gaur irailaren 26an, 250 ikastetxeetatik gorako ia 12.000 langile deituak zeuden grebara Itunpeko irakaskuntzako Gizarte Ekimeneko patronalak inposatzen ari diren murrizketak salatzeko eta EAEko hitzarmena eta bere aplikazioa ikastetxe guztietan eskatzeko.
Grebak oso jarraipen zabala izan du eta ia sektoreko ikastetxe guztietan izan du eragina grebak, salbuespen gutxi batzuk izan ezik. Ikastetxe askok ixteko erabakia hartu zuten aurreko asteetan burutu diren batzarretan, baina Eusko Jaurlaritzak inposatu dituen gutxieneko zerbitzuek irekitzera behartu dituzte langilerik joan ez den arren. Orokorrean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, langileen %80tik gorak eman dio bere babesa grebari eta milaka pertsonak hartu dute parte Donostia, Gasteiz eta Bilbon burutu diren manifestazio jendetsuetan.
Grebara deitu duten ELA, CC.OO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek oinarrizko hiru eskakizun egin dituzte:
-
Patronalek alde bakarrez urraturiko hitzarmena betetzea eta langileei zor dietena ordaintzea.
-
Hitzarmenaren negoziazioa aurreko hitzarmenetik abiatzea
-
Lan-erreformaren aurrean ikastetxe bakoitzean EAEko hitzarmenaren edukia beteko dela bermatzea eta hurrengo hitzarmena sinatu bitartean honek balio izatea.
Era berean, sortu den egoera larrian ardura zuzena duela uste dutelako eta egoerak honek ia hezkuntza sistemaren erdiari eragiten diolako, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bitartekaritza lana egin eta gatazka honi konponbidea aurkitu eta hezkuntza sistemari eta langileen egoerari egonkortasuna emango dion irteera bidea aurki dezala.
Gaurko grebaz gain, sindikatuek ikastetxe bakoitzean mobilizazioei jarraipena ematera deitu dituzte langileak eta gogora ekarri dituzte, beraien aldarrikapenei erantzuna eman ezean urriaren 21etik 25erako eta azaroaren 25etik 29rako asteetarako deituak dituzten lanuzteak, elkarretaratzeak eta manifestazioak.
Sektoreko ordezkaritza: ELA %58, CC.OO. %16, STEE-EILAS, %14, LAB %6, UGT %3.