Haurreskoletan euskarazko murgiltze eredua arriskuan jarri du Eusko Legebiltzarrak
Eusko Legebiltzarrean PPk ingelesaren eta gaztelania Haurreskoletan erabiltzeko proposamena aurkeztu du, euskararen erabilera eta normalizazioaren kaltetan. Proposamen honen arira, PP, EAJ eta UPyDk Haurreskoletan euskararen erabilerarekin batera gaztelaniaren erabilera ere bermatzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eskualde bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren eta gurasoen borondatearen baitan. PSEE-EE abstenitu egin da eta EH Bilduk aurka bozkatu du.
ELArentzat oso larria da Legebiltzarrak onarturiko proposamena, izan ere, Euskal Herrian sufritzen dugun egoera diglosikoa eta euskararen normalizaziorako funtsezkoak diren hizkuntza eta hezkuntza politikak ez baitu aintzat hartzen. Hego Euskal Herrian gaztelania herritar guztiek menperatzen duten hizkuntza nagusia da eta euskara aldiz, ofiziala izan arren, gutxiengo batek ezagutzen duen hizkuntza gutxitua.
Hau honela, hezkuntza eta hizkuntza azterketek behin eta berriro agerian utzi duten moduan, hizkuntza gutxituen normalizaziorako eredu egokiena murgiltze eredua da, hau da euskarazko murgiltze eredua, alegia.
Orain arte hau izan da EAEko Haurreskoletan garatu den eredua eta bere hezkuntza esparruan euskararen normalizazioan aurrerapausoak ahalbideratu duena.
Gaur PP, EAJ eta UPyDk onarturiko proposamenak ordea, eredu hau eta euskararen normalizazioa arriskuan jartzen dute, izan ere, gure hezkuntza sisteman nahiz hizkuntza politikan, euskararekiko diskriminazio positiborik egiten ez badugu sekula ez du euskarak aurrerapausorik egingo ezta normalizaziorik lortuko ere.
Honegatik guztiagatik, ELAk gogor kritikatzen du gaur Eusko Legebiltzarrak onarturiko proposamena, alderdi politikoei erabakia zuzentzea edo erretiratzea eskatzen die eta, horrela ez balitz, Eusko Jaurlaritzari eta Haurreskolak Partzuergoari eskatzen dio ez dezala aintzat hartu, hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren aurka doala ulertzen dugulako.