Partaide eta EIBk ikastoletako Negoziazio Mahaia eten dute eta ez dute bermatzen Gorenaren epaia betetzea eta lan-hitzarmena errespetatzea
Gaur asteartea, urriak 9, EAEko Ikastolen Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia bildu da. Ikastoletako Gatazka Kolektiboaren inguruko Auzitegi Gorenaren ebazpena albiste izanik hurbildu gara 4. bilera honetara.
Patronalek ikastoletako egoeraren testuinguru ekonomikoa berriro ere azaldu dute, Besteak beste aipatu dute BEZaren igoera eta honen ondorioak, gurasoek ordaintzen dituzten kuoten itzulketak, erretiro partzialaren desagertzea epe laburrean, formazio funtsen murrizketa, azpiegitura inbertsioetarako laguntzak etetea, hainbat ordainketei aurre egiteko arazoak, etab. Modu berean, bere kezka adierazi dute, krisi egoerak zein bilakaera izango duen, gobernu berriak eta aurrekontuak nola garatuko diren, azken honek ikastolen finantzazioan izango duen eraginarekin.
Testuinguru zail honetan kokatu dute bai Partaidek baita EIBk ere Auzitegi Gorenak argitara berri duen epaia.
Partaideren hitzetan, egoera honek guztiak, Jaurlaritza berriaren osaketa eta aurrekontuak ez ezagutzeak behartzen ditu negoziazio mahaiaren etena ezartzera.
Patronalek deskribaturiko egoeraren oinarrizko puntuak ezagunak ziren edota aurreikus zitezkeen negoziazio prozesu hau deitu zutenean ere. Dena den, jakin badakigu, negoziaketa hau une honetan ireki izanak Partaide eta LABen artean sinaturiko akordioaren konpromisoari erantzuten ziola. Eta ondorioz, egoera hau izanik, negoziazio itxurak egiteaz gain, argi zegoen patronalen aldetik ezer gutxi zutela eskaintzeko benetako negoziazio prozesua egin eta eduki nahikoa izango lukeen akordioa ixteko.
Honen aurrean LABek balizko egoera politiko berri bati erreferentzia egin dio eta salaketatik haratago planteamendu estrategiko bat egiteko deia luzatu. Egungo lege-egitura agortutzat ematen du eta hezkuntza lege berri baten aldarrikapena egin du.
ELAren izenean argi utzi nahi izan dugu, negoziazioaren antzezpenak Partaide eta LABen arteko soldata murrizketen akordioari erantzuten diola eta bere garaian salatu genuen akordio horren ordaina dela.
Aldi berean, Auzitegi Gorenaren epaiak agerian uzten du LAB eta Partaideren arteko akordioa, Lan Hitzarmenaren edukiak eta balioa indargabetzeko saiakera izan dela eta langileen eskubideen mugatze ahalegina.
ELAk patronalei galdegin die, jasotako ebazpenaren ondoren sententziak dioena beteko duten eta soldatak hitzarmenak dioenaren baitan ordainduko dituzten.
Patronalek ez dute bermatzen hitzarmena errespetatzea eta soldatak bere osotasunean ordaintzea.
Azkenik, mahaiaren etenak eta negoziazioa luzatzeak izan ditzaketen ondorioen inguruan galdegin diegu Partaide eta EIBri. Hau da, ea lan eta negoziazio kolektiboaren erreformak ematen dizkieten tresnetaz baliatzeko asmorik duten lan baldintzetan atzera egiteko. Galdera honen aurrean, argi geratu da patronalek inola ere ez dutela ziurtatzen lan hitzarmenaren baldintzak mantenduko dituztenik.
Egoera honen aurrean, behin eta berriro esan dugun bezala, gure lan-baldintzak defendatu eta benetako negoziazio prozesu bat behartu ahal izateko derrigorrezkoa dugu antolatu eta borroka egitea.