Partzuergoak ez du gaur egun indarrean dugun Lan Hitzarmena errespetatzeko konpromisorik
Urtarrilaren 12an egin dugun bileran ez dugu batere aurreratu; alderantziz atzeraka goaz. Eusko Jaurlaritzak onartu dituen murrizketak direla eta, negoziazioa bera hasi baino lehen, Haurreskoletako Zuzendaritzari bere jarrera zein den argitzeko eskatu diogu.
Zuzendaritzak baieztatu digu, 2012ko Aurrekontu Legeak Haurreskolengan ere eragina duela. (Ikus murrizketak direla eta ELAk atera duen orri informatiboa); 2012ko soldaten izozketa garbi zeukatela eta beste neurri murriztaileak aplikatu behar dituzten edo ez “txosten juridiko” bat agindu dutela.
Egoera honen aurrean, bileran etenaldi bat eskatu ondoren ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuok Partzuergoari ondoko proposamena luzatu diogu.
- Egun indarrean dugun Lan Hitzarmena oinarritzat hartu eta errespetatzeko konpromisoa izatea.
- 15 eguneko epean, Partzuergoak egoera berriaren aurrean zein erabaki hartuko dituen argi azaltzea.
- Birratxikipen prozesu berri bat martxan jartzea.
Partzuergoak onartu du ahal bezain laster aurrera begira Eusko Jaurlaritzatik datozen aldaketekin zer egingo duen argitzea, baina ezinezkoa dela esan digute gaurko egunean indarrean dugun Lan Hitzarmena beteko dela ziurtatzea.
Beraz, gaur garbi duguna zera da: indarrean dugun Lan hitzarmena betetzeko konpromisoa ez dagoela eta murrizketek ere Haurreskoletan eragina dutela. Egoera hau aurreikusten genuenez, dakizuen bezala ELA, LAB eta STTE-EILAS sindikatuok, Administrazio Publikoko gainontzeko sektoreekin batera mobilizazioak deitu ditugu:
- Hiru hiriburutan Manifestazioak Urtarrilaren 26ean
- Otsailak 9an 4 orduko lanuztea
Amaitzeko, birratxikipen prozesuari dagokionean, garbi utzi du Partzuergoak birratxikipen prozesua egotekotan, aurreakordioren bati lotuta joan beharko dela.