Partzuergoak murrizketa guztiak aplikatu nahi ditu eta hitzarmena inolako baliorik gabe utzi
Atzo, otsailak 28, Haurreskolak Partzuergoko egoitza nagusian Mahai Negoziatzaileko bilera izan genuen.
Dakizuen bezala, urtarrilean izan genuen azkenengo bileran, indarrean jarri diren dekretuek Partzuergoan nola eragingo zutenaren inguruan txosten baten zain geunden.
Haurreskolak Partzuergoak zera adierazi digu:
1.- Murrizketen Dekretua:
Aurrekontuen legeak Haurreskolak-Partzuergoan ere eragina duela eta Mahai Orokorreko erabakiei lotuta bertan inposaturiko murrizketak Haurreskoletan ere berdin-berdin aplikatuko dutela.
2.-Lan erreformaren eragina Haurreskoletan
Ultraktibitatea mugatzea: Lan Hitzarmenaren epealdia agortua dagoenez eta negoziaketa berria hasia, Lan Erreforma jasotzen duen 9/2012 Dekretua aprobetxatuz, dekretua argitaratu den hurrengo egunetik -Otsailaren 12tik- bi urteko epea izango dugula beste berri bat sinatu ahal izateko adierazi digu Partzuergoaren zuzendaritzak, eta akordiorik ez balego aurreko hitzarmenak balioa galduko lukeela.
3.- Lan hitzarmeneko Negoziazioaren jarraipena
Eraso eta mehatxu hauek guztiak mahai gainean jarri ondoren zuzendaritzak negoziazioarekin era batera edo bestera jarraitzeko nahia adierazi du, “lan hitzarmen” berri baten negoziaketako gaiak ez diren elementuak txantaje moduan sartuz. Txantaje honen parte izan da birratxikipen prozesuaren inguruko akordioa lan hitzarmen berriaren negoziazioarekin lotu nahi izatea.
ELArentzat guztiz onartezina da Haurreskolak Partzuergoak mahai gainean jarri digun proposamena eta eginiko mehatxua.
Aurrez ere argi esan eta salatu genuen, onartezina zela Haurreskoletako langileen soldata eta lan-baldintzak Mahai Orokorreko erabakietara lotzea eta berdin pentsatzen jarraitzen dugu. Haurreskoletako langileok gure lan-baldintzak gure negoziazio mahaian erabaki behar ditugu eta honetarako badugu nahiko indar eta baldintzatzeko gaitasun. Ezin dugu onartu, negoziazioa eta erabakia beste esparru batzuetara eramatea eta Partzuergoak murrizketa horiek goitik datozkiolaren aitzakia baliatzea gure lan-baldintzak kaltetzeko.
Modu berean onartezina gertatzen da, lan-erreformak zuzendaritzari ematen dizkion baliabideak (hitzarmenaren ultraktibitatearen 2 urteko muga) mehatxu moduan erabiltzea eduki atzerakoiak dituen lan hitzarmen baten negoziazioa behartzeko eta sindikatuak negoziazio mahaian lotuta edukitzeko.
Are larriagoa da, berez eta eskubidez egin beharko litzatekeen birratxikipen prozesua negoziazio prozesu honi lotzea eta murrizketak arautu nahi dituen lan hitzarmen baten negoziaziorik ez badago birratxikipenak ez egotearekin mehatxu egitea.
Hau honela, gainerako sindikatuei gure jarrera adierazi ondoren negoziazio mahaitik altxatzea erabaki dugu.
ELAk ez du inolako murrizketarik onartzen eta are gutxiago txantaiarik. Ez dute zentzurik, egoera okertu besterik ez dute egiten, krisia areagotu eta zerbitzu publikoak kinka larrian jarri. Badaude alternatibak borondate politikorik badago eta 0-3ko hezkuntzak ez du inola ere murrizketarik behar, guztiz bestela inbertsio askoz handiagoa, haurreskola gehiago, langile gehiago, lan-baldintza hobeak eta baliabide gehiago behar ditu. Hori da, behin eta berriro, ELAk eskatzen duena eta eskaera horretan jarraituko dugu.
Bide honetan afiliatu eta langile guztiei dei egiten diegu, berriro ere borroka eta mobilizaziorako prestatzeko eta krisia aitzakia egiten ari zaizkigun eraso hauei berriro ere gogor erantzuteko.
Honelako inposaketa eta mehatxu jarrerekin mobilizazio beste biderik ez digute uzten