Partzuergoko matrikulazioaren jaitsierari aurre egiteko, ELAk Haurreskolak doakoak izatea eskatu du

2014/11/04
Azken hiru urteetako matrikulazioaren garapena aztertuz gero, 2012tik 2014ra Haurreskolak Partzuergoan matrikulaturiko haur kopurua %20 jaitsi da, 1.222 haur gutxiago, alegia. Matrikulazioaren jaitsierari aurre egiteko, ELAk Haurreskolak doakoak izatea eskatu du gaur goizean Gasteizen.

Haurreskolak Partzuergoan matrikulaturiko haur kopuruaren beherakada hau, matrikulazio berrietan nabaritzen da bereziki, hau da matrikulatzen diren 0-1 urteko haurretan. Adin tarte honetan, 2012tik 2014ra 722 haur gutxiago matrikulatu dira, hau da %40 gutxiago.

2014-15 ikasturteko matrikulazio datuek beherakada hau baieztatzen dute. Oraindik azaroaren hasieran bagaude ere, 8.276 plazetatik 3.521 plaza libre gelditzen dira, plaza guztien %43a, alegia. Bereziki deigarria da 0 urteko plazetan eman den matrikulazio jaitsiera, izan ere, oraindik ikasturte hasieran egon arren, adin honetan eskaintzen diren 2.536 plazetatik 1.506 hutsik geratu baitira, hau da plazen %60.

ELAk adin tarte honetako hezkuntzak, pedagogia ikuspegitik nahiz jendartearen antolamendu ikuspegitik, duen garrantzia kontutan hartuta, Haurreskolak hezkuntza proiektuaren barruan ongi txertatzea eskatzen du, 0-2 urteko tarteak benetako hezkuntza planteamendua izan dezan. Eta honen baitan unibertsala eta doakoa izan dadila, nahi duten familia guztien esku izan dadin.

Argi dago matrikulazioaren beherakada honetan zerikusi zuzena duela langileria sufritzen ari den etengabeko eskubide eta lan-baldintzen murrizketak. Horregatik, aurrez aipaturiko helburuak bermatu eta matrikulazioaren beherakada honi aurre egiteko, gainerako oinarrizko hezkuntzarekin gertatzen den moduan, 3 urtera bitarteko hezkuntza tartea publikoa eta doakoa izan dadin bermatzea eskatzen dio ELAk Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritzari.

Bide honetan urratsak ematen hasteko eta trantsizio moduan, ELAk matrikulazio kuotak behin-behinean errentaren araberakoak izatea proposatzen du, modu progresiboan doakoak izan arte. Zehazki, gure proposamenean, 2015ean hasiaz, 2017tik aurrera Haurreskolak, gainerako oinarrizko hezkuntzan moduan, doakoak izatea eskatzen dugu.

 

28.960€ko errenta azpitik

28.960tik 41.850€ra

41.850€tik gora

2015.urtean

Kuota doan

Gaur egungo kuotaren %50

Gaur egungo kuotaren %75

2016 urtean

Kuota doan

Kuota doan

Gaur egungo kuotaren %50

2017.urtean

Kuota doan

Kuota doan

Kuota doan

Eta hau lortze bidean sindikatuari onartezina iruditzen zaio honetarako dirurik edota baliabiderik ez dagoela esatea, agintari politikoak behin eta berriro esaten ari diren moduan. Izan ere, hau lortzea posible izango bailitzateke soilik AHT-ren kilometro erdi batera bideratzen den inbertsioarekin. (Izan kontutan familien kuotak 12 miloi euroko sarrerak suposatzen dutela eta AHT-ren kilometro bateko kostua 26 miloi euro).

Beraz, beste hainbat gauzetan gertatzen den moduan, borondate politiko kontua da.

Irakur matrikulazioaren azterketa