Patronalak eta Hezkuntza Sailak bilerara ez joateko hartutako erabakia arduragabekeria hutsa da

2019/04/02
Gizarte Ekimeneko ikastetxetako gatazkari irtenbide duin bat emateko asmoz ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok deitutako bilerara ez aurkeztea erabaki dute patronalek eta Eusko Jaurlaritzak. Proposamenak definitibo gisa aurkeztuz, bileretara joan gabe eta Hezkuntza Sailak bere ardura saihesteko bidea erraztuz adostasunak ez dira posible izango.

Behin eta berriz esan bezala, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok helburua argia daukagu: egoerari irtenbide egokia eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat eman. Helburu horrekin, eta bereziki, azken asteetako gertakariak kontuan izanik, apirilaren 2ko bilera deitzea erabaki dugu. 

Sindikatuon ustez, bilerara ez agertzeko erabakiak, larria izateaz gain, arduragabekeria handia erakusten du. Patronalak bilerara ez etortzeko hartutako erabakiak argi erakusten du akordioetara iristeko eta negoziaketarako inolako borondaterik ez duela. Aldi berean, bilerara ez etortzeko erabakia Hezkuntza Sailak ezer esan aurretik publiko egin izanak bide eman dio Hezkuntza Sailari gatazka honen irtenbidean inplikatu eta parte hartu gabe jarraitzeko.

Gogoratu behar da mobilizazio eta greba dinamika honetara iritsi aurretik, hamaika bilera eta mota guztietako ekintzak gauzatu genituela 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe duten langileen eskaerek erantzun serio bat izan eta akordioak ixteko saikeran. Patronala, ordea, ez da mugitu greba dinamika indartu arte. Horren adibide da urtarrileko greba egunen ondoren eta martxokoen aurretik izandako bileretan adostasunak erdiesteko aukera eman zezaketen zenbait planteamendu egiteko prest agertu zela patronala ere.

Tamalez ordea, eta zergatiak ezagutzen ez baditugu ere, patronalak atzerapauso nabariak eman ditu egindako planteamendu eta edukietan. Horrela, azken mahai negoziatzailera ekarritako eduki eta planteamenduek aldebiko bileretan egindakoekiko atzerapausoak ematea suposatzen dute eta adostasunak erdiestea zailtzen dute. Gainera, patronalek mahai horretan erakutsitako jarrera erabat itxia izan da, azken proposamen hau definitiboa eta aldaezina dela adieraziz.

Honi, Hezkuntza Saila gatazka hau bideratzeko erakusten ari den inplikazio eza eta parte hartze aktibo falta gehitzen zaizkio, bai guraso elkarte bai Eusko Legebiltzarrak berak ere luzatutako eskaerari muzin eginez. Hezkuntza Sailak sindikatuokin izandako bilerak sindikatuon eskariz izan dira, jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren gainera. Besteak beste, Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitz egiten hasteko inolako urratsik.

Testuinguru honetan, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari adostasun horiek lortzeko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien martxoko azken asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez genuen jaso, ordea. Bitartean,  eta komunikabideen bidez egindako adierazpenenei erreparatuta argi ikusi dugu ez patronala ezta Hezkuntza Sailaren aldetik ere ez dagoela inolako urratsik emateko asmorik. Gauzak horrela, apirilaren 2an Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) biltzea proposatu genien. Bilerara ez agertzeko erabakia hartu badute ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa. Gatazka honi irtenbide egokia emateko ardura eta aukera patronal eta Hezkuntza Sailarena da.

Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egokia emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela.