EAEko itunpeko ikastetxeak

Patronalei arduraz jokatzeko eta gatazka ez luzatzeko eskatu diete urtarrileko bigarren greba egunean

2024/01/18
Hamaikagarren greba egunean, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hitzarmena berritzeko funtsezko gaietan edukiak mahai gaineratzea eskatu diete sindikatuek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Bide beretik, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote utzi diezaiola greba eskubidea urratzeari eta lagundu dezala gatazka bideratzen. Gaurko grebak ere jarraipen zabala izan du eta milaka izan dira Donostiako kaleak bete dituzten langileak. 12 autobus langile bete gerturatu dira Donostiara beste lurraldeetatik. Danborrada beltz bat irudikatu dute San Sebastian egunaren bezpera probestuz, negoziaketarako patronalen jarrera beltza deitoratzeko.

 

Pasa den astean eta aste honetan bertan, greba bezperetan, patronalek bileretara deitu dituzte sindikatuak, baina akordioa lortzeko gakoak diren gaietan ez dute gutxieneko edukirik aurkeztu. Gai eta eduki horiek oinarri oinarrizkoak dira eta orain hiru urte hitzarmena iraungi zenetik ezagunak dituzte.

Patronalek, ordea, ‘etxeko lanak’ egin gabe jarraitzen dute. Adostasunerako gakoak diren gaietan ez dute hobekuntzarik proposatu. Erosahalmena bermatu gabe jarraitzen dute, lan kargak arintzeko neurririk ez dago, enplegua bermatzeko neurri zehatzik ere ez, eta sektore feminizatuentzako hobekuntzarik gabe etorri dira azken mahaira. Lanbide Heziketan zein gainerako gaietan oso eskasak diren edukiak ere ekarri dituzte.

Sindikatuek patronalei eta Jaurlaritzari eskatu diete gatazka luzatzeko estrategiak eta greba eskubidea urratzeko jarrerak alboratzea, eta hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak landu eta lehenbailehen mahai gaineratzea. Sindikatuek erabateko prestutasuna baitute gai eta eduki horien inguruan proposamenak egonik behar bezain beste biltzeko eta adostasunak lortzeko.

Honako hauek dira sindikatuen eskaera nagusiak: lanpostuei eusteko neurri eraginkorrak; lan kargak arintzeko eta sektore feminizatuenen lan baldintzak hobetzeko neurriak; finantzazio publikoari lotu gabeko eta erosahalmena bermatzeko soldatak; eta Lanbide Heziketarako baldintza egokiak. Zentzu berean, beharrezkoak dira Berdintasun planak, euskalduntze planak eta lan Osasuna bermatzeko planak, bereziki arrisku psikosozialenak.

Sindikatuek beste hiru greba egun dituzte deituta urtarrilerako: hilaren 23, 24 eta 25.