Plantilak handitzeko proposamenik egin gabe eta 7.900 lanpostutik gora egonkortu gabe uzteko proposamena mantentzen du Eusko Jaurlaritzak

2017/12/20
Azken urteetan behar baino 1.800 lanpostu gutxiago sortu eta 9.800 irakasle behin behinekotasunean mantendu dituen arren, gaurkoan ere egoera hauei aurre egiteko neurririk ez du proposatu Hezkuntza Sailak irakaskuntza publikoko irakasleen negoziazio mahaian.

Gaur burutu den irakaskuntza publikoko irakasleen negoziazio mahaian, aurrekoan egindako proposamen berbera mantendu du Jaurlaritzak, alegia, enpleguari dagokionez, 2016-20 legealdi osorako 5.000 lanpostu ateratzea EPE batean. Hauetatik, 3.100 erretiroengatik sortuko diren lanpostuak betetzeko lirateke eta beste 1.900 behin-behinekotasuna jaisteko. 5.000 lanpostu horietatik, 740, 2017an jada egindakoak dira, eta gaur jakinarazi digutenez, 2018rako 1.511 lanpostuko EPEa deituko dute (1.337 lanpostu Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegorako eta 174 lanpostu Lanbide heziketako irakasle teknikoen kidegorako).

Kontuan izanik behin behineko 9.800 langile daudela (%38ko behin-behinekotasuna), Jaurlaritzaren proposamenak behin-behinekotasun tasa %30,5ean utziko luke legealdiaren amaieran. Hau da, ELAk proposatu moduan, behin-behinekotasuna %6an uzteko beharko liratekeen lanpostuak baino 7.900 lanpostu gutxiago.

Gainera, Jaurlaritzaren erabakiz azken hamarkadetan behin behineko egoeran aritzera behartuak izan diren milaka langileren egoera egonkortzeko, EPE masiboekin batera, plan bereziak garatzea eskatu dio ELAk Jaurlaritzari, beste behin ere.

Plantillei dagokionez, hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 1.800 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da. Egoera honi aurre egiteko proposamenik egin gabe jarraitzen du Jaurlaritzak. Honela, 2010 urtetik eman den gelako ikasle ratio igoera bere horretan mantenduko litzateke, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.

Ordezkapenei dagokionez, gaurkoan hezkuntza sailak egindako proposamenak erabat eskasa izaten jarraitzen du. Lehen Hezkuntzan eta aurrikusitako ordezkapenen kasuan soilik agertu da ordezkapenak lehenengo egunetik egiteko prest. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan hirugarren egunetik egitea proposatu du.

Adinagatiko ordu lektiboen murrizketan egin duen proposamena izan da esanguratsuena: 60 urtetik gorakoentzat heren bateko murrizketa eta Haur zein Lehen Hezkuntzan 59 urtetik gorakoentzat bi orduko murrizketa planteatuz. Honek ordea, jadanik Lan hitzarmenean jasota dagoena berreskuratzea baino ez du suposatzen.

Sindikatuen aldarrikapen izan diren eroste-ahalmenaren berreskuratzea, bajak zigortzeari uztea edo erretirorako pizgarriak berreskuratzea alde batera utzi ditu gobernuak.

Hau horrela, ELArentzat inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena. Beraz, proposamen berririk izan ezean, urtarriletik aurrera greba eta mobilizazioak indartzea beste biderik ez digu utziko.