Propagandaren bidez Celaak hezkuntzan 3.029 plaza atera gabe utziko dituztela ezkutatu nahi du
Atzoko irakasle funtzionarioen mahai sektorialean jakitera eman zutenaren arabera, Hezkuntza Sailak 2009an ELArekin sinaturiko Mahai Orokorreko akordio guztiz urratu eta 3.029 lanpostu atera gabe utziko ditu.
Propagandaren gainean mugitzen den jaurlaritza honek 2012rako 556 plaza oposaketetara atera eta enplegua sortuko duela lau haizetara zabalduaz, egiten ari den murrizketak eta betetzen ez dituen hitzarmenak ezkutatu nahi ditu.
Gogoratu beharrean gaude, Mahai Orokorreko akordioan, ELAk hala exijituta, 2010 eta 2012 urteen artean 5.100 plaza oposaketetara ateratzeko konpromisoa jasotzen zela. Urte bakoitzeko 1.200 plaza berri eta erretiro, heriotza edo behin-betiko ezintasunagatik hutsik geratzen ziren 500 plaza urteko (3.600 + 1.500). Hauetatik 2011an 1.515 plaza atera zituzten oposaketa eta orain adierazi digute 556 plaza aterako dituztela 2012an. Harturiko konpromisotik guztira 2.071 plaza aterako dituzte, baina ezkutatzen dutena da 3.029 atera gabe utziko dituztela hitzarturiko larriki urratuz.
Gainera, hezkuntza sailburua behin eta berriro esaten ari denaren kontra, neurri hauek ez dute inola ere enplegu berririk sortzen, ELA askotan salatu duen bezala, lehendik urte luzeetan behin-behinean eta modu prekarioan ari ziren langileen lanpostuak egonkortu baizik.
Gogoratu beharrean gaude 2010-11 eta 2011-12 ikasturteetan matrikulazioak ia 15.000 ikasletan egin duela gora, baina langile berrien kontratazioa behar horiei erantzuteko premietatik oso urrun geratu da. Beraz beharrezkoa litzatekeen enplegu berria sortzetik urrun, matrikulazio berriaren karga lehendik zeuden langileen artean banatu da. Honi gehitu behar zaio ordezkapenetan ematen ari diren atzerapenak, hezkuntza kalitatean duen eraginarekin eta ordezko irakasle eta langileen artean eragiten duen enplegu galerarekin.
Oposaketa hauen inguruan gehiago jakiteko irakurri Informatzena.