Donostiako Scientia Karmelo ikastetxea

Scientia School enpresak hasiera emango dio kaleratze kolektibo prozesuari

2024/06/24
Gaur goizean Scientia Karmelo ikastetxean Enplegu Erregulazio Espedienteari (EEE) hasiera emango zaiola jakinarazi zaie ELA sindikatuaren hiru ordezkariei. Jakinarazpen horren arabera, lehen bilera hurrengo astelehenean, uztailaren lehenean, izango dute enpresak eta langileen ordezkariek.

Scientia School enpresak orain bost urte erosi zuen Donostiako Karmelo ikastetxea. Hainbat milioitan baloratutako erosketa gauzatu eta 5 urte ere pasa ez direnean, 2024ko urtarrilean enpresak adierazi zuen ikasturtea amaitu eta ikastetxea ixteko asmoa, bertan lan egin duten 42 langileei inolako irtenbiderik planteatu gabe. Gardentasun falta salatu dute langileen ordezkariek, enpresak ez baitu eskatutako informazio asko igorri eta hori dela eta auzitegietara jo dute.

Scientia School enpresaren asmoak ezagutu bezain pronto, lanpostuen eta lan balditzen aldeko borrokari ekin zioten ikastetxeko langileek. Gaur 32. greba eguna egin dute eta hurrengo asteei begira ere borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute. Bide horretan, langileentzat konponbideak aldarrikatzen jarraituko dute Scientia School enpresari zein esku-hartze zuzena duten hainbat administrazio eta instituzioei, hala nola: Hezkuntza Sailari, Kristau Eskola Patronalari edota Donostiako Udaletxeari.