Scientia Karmelo ikastetxea (DONOSTIA)

Sei greba egun maiatzean eskolaren itxieraren aurka

2024/04/30
Langileek salatzen dute itxieraren atzean negozioa egiteko asmoa dagoela, eta hainbat langilek ez dutela soldatarik jaso. Hezkuntza Sailaren erantzukizuna ere utzi dute agerian, ez delako zilegi diru publikoa jasotzen duen ikastetxe bat halako enpresa baten esku geratzea. Egoera hori izanik, sei greba egun deitu dituzte maiatzean: 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an.

ELAk deituta Donostiako Karmelo ikastetxeko langileek lanuztea egin dute 10:00etatik 12:00etara Scientia School enpresak 2023-2024 ikasturte amaierarako ikastetxea isteko erabakiaren kontra. Gutxiengo zerbitzuak gehiegizkoak izan arren, ikastetxeko 42 langileen gehiengo oso zabala atxikitu da lanuztera, eta kontzentrazioa egin dute eskolaren aurrean; lanean jarraitu dutenen gehiengoa gutxieneko zerbitzuengatik izan da.

Kontzentrazioan, euren lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea eskatu dute. Izan ere, Scientia School enpresak ikastetxea, eraikina barne, erosi zuen orain bost urte, eta jada iragarri du ikasturte amaieran itxiko duela, bertako langileentzat inolako irtenbiderik planteatu gabe eta beharrezkoa den informazio eta dokumentazioa langileen ordezkariekin partekatu gabe.

Are gehiago, langileek aditzera eman dute ikasturte hasieratik arazoak dituztela soldatak jasotzeko. Esaterako, langile batzuei azken bi hilabeteetako soldata zor zaie, eta beste askok antzeko arazoak izan dituzte ikasturtean zehar.

Ikastetxearen erosketa eta itxieraren atzean interes ekonomikoak daudela uste dute langileek, eta aldarrikatu dute hezkuntza negozio eta enpresa interesetatik at mantendu behar dela; are gehiago Hezkuntza Sailak itundutako zentroa izanda. Horregatik, Hezkuntza Sailak eta sektoreko patronal nagusiak, Kristau Eskolak, halako egoeretan jokatzen duten papera ere kritikatu dute, ez baitute hezkuntza negozioa egiteko erabiltzen dutenen aurkako neurri eta oztoporik ezartzen.

Egoera hori izanik, sei greba egun deitu dituzte maiatzean: 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an. Aldarrikapenak aintzatetsi ezean, aurrerantzean ere mobilizazio eta grebekin jarraitzeko asmoa azaldu dute langileek.