EAEKO GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK
Sindikatuek epaitegietara joko dute patronalek greba amaierako akordioan adostutako soldatak bete ditzaten

Sindikatuek, ikastetxeetako ordezkariek eta langileek hainbat ekintza eta mobilizazio egin dituzte otsailaren 5ean sinatutako greba amaierako akordioa betearazteko, baina Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oztopoak ipini dituzte.Horregatik, Gizarte Ekimenean ordezkaritza duten sindikatuek erabaki dute bide judizialari ekitea 2024rako adostutako soldata ordainketak erreklamatzeko. Horretarako, gatazka kolektiboko demanda bat aurkeztuko dute EAEko Auzitegi Nagusian.
Maiatzaren 29ko negoziazio mahaian, patronalek konpromisoa hartu zuten akordioko honako bi eduki betetzeko: alde batetik, adostutako lanaldi murrizketak ezartzea, eta bestetik, Lanbide heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa aplikatzen hastea, biak 2023-2024 ikasturtean. Patronala aplikatzen hasiko da, baina ez sindikatuekin adostutako baldintzetan. Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek horiek betearazteko jarraibideak bidali dituzte ikastetxeetara, eta ikusteke dago beste patronaletako ikastetxeetan nola aplikatuko den jarraibidea.
Soldatei dagokionez, ordea, patronalek ez dute adostutakoa bete. Aldiz, soldata igoera Jaurlaritzaren onespenaren eta finatziazioaren araberakoa izan dadila nahi dute. Ondorioz, ez dituzte ordaindu 2024ko finkatutako igoerak, akordioak hala behartzen badie ere. Soldata eguneratuen ordainketarekin hasteko datarik ere ez dute zehaztu.
Datorren ekainaren 19an izango da hurrengo negoziazio mahaia. Bertan, patronalek aurkeztu beharko dute hitzarmen osoaren testua, eta bertan jaso beharko dira adostutako edukiak, adostutako baldintzetan. Hala adostu baitzen aurreko negoziazio bileran. Hala ez bada, sindikatuek akordioko eduki bakoitza betearazteko beharrezko tresnak aktibatuko dituzte irailetik aurrera; hala nola, materia bakoitza betetzeko epea iristen denean epitegietako zein akordioa betearazteko mobilizazioen bidea.