Sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eta patronalei itunpeko irakaskuntzako gatazkari irtenbidea ematea eskatzen diete

Orain arte hainbat mobilizazio eta greba egun burutu arren patronala ez dago prest epai ezberdinek behin eta berriro berretsi duten aldarrikapen sindikal nagusia onartzeko: EAEko Auzitegi Nagusiaren (TSJPV) epaia noiz beteko duen zehaztea, eta hitzarmena aintzat hartu eta bere osotasunean aplikatzea.
Pasa den otsailaren 18an EAEko Auzitegi Nagusiak ebatziriko autoak, hain zuzen ere, sindikatuon aldarrikapena indartzen du. Bertan, auzitegi berak azaroaren 26ean EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako 2008-09 hitzarmenak indarrean jarraitzen zuela eta ondorioz aplikatu beharrekoa dela esanez eman zuen epaia modu probisionalean betetzera behartzen ditu Kristau Eskola eta AICE-IZEA, nahiz eta patronalek Epaitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztua izan.
Sindikatuok argi agertu dugu gure prestutasuna parekatzeko batetik, hitzarmena dagozkion taulekin eguneratzeko egin beharreko ahalegin ekonomikoa, eta bestetik Kristau Eskolak bere proposamenean egiteko prest dagoen esfortzua. Horrela 2012 eta 2014 bitartean metatu den zorraren ordaina atzeratu egingo litzateke, eta EAEko hitzarmena bere osotasunean berreskuratuko genuke. Modu berean, gure konpromisoa adierazi dugu 2015eko abenduan itunduriko moduluetan murrizketak mantenduko balira elkarrekin egoera aztertzeko eta errealitate berriari irteera emateko.
Bere proposamenean Kristau Eskolak, EAEko hitzarmena teorian aintzat hartzen duen arren, muga jakinik gabe soldata murrizketak bere horretan mantendu nahi ditu, finantziazio publikoaren esperoan. Planteamendu honek praktikan airean uzten du hitzarmenaren aplikazioa bere osotasunean, hitzarmena “de facto” finantziazio publikoarekin lotzen du, eta egungo nahiz etorkizuneko finantziazioaren inguruko zalantzak langileon bizkar ezartzen ditu nagusiki. Horrek esan nahi du eskatzen digutela uko egitea auzitegiek behin eta berriz aitortu dizkiguten eskubideei, eta orain eta gero hitzarmenak ezartzen dizkien betebeharrei iskin egin nahi diete.
ELA, CC.OO., STEE-EILAS eta UGT sindikatuok -sektoreko langileen %90 ordezkatzen dugunok- akordiorako proosamen ezberdinak egin ditugu eta gure prestasun osoa agertzen dugu negoziatzen jarraitzeko, baina patronalen aldetik mugimendu nabarmenik sumatzen ez dugun heinean mobilizazioak mantentzea beste biderik ez dugu ikusten.
Beraz, langileei mobilizaziora dei egiten diegu eta datorren martxoaren 26 eta 27ko greba egunetan aktiboki parte har dezaten. Modu honetan patronalei eskatzeko murrizketen pisu nagusia langileoi inposatu nahi izateko beraien estrategia alde batera utzi eta EAEko hitzarmena bere osotasunean betetzen has daitezela eta berrekin diezaiotela berau berritzeko negoziazioei, inolako murrizketa planteamendurik gabe eta beharrezko diren aplikazio bermeekin.
Halaber, orain arte egin izan dugun moduan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu langileak sakrifikatuko ez dituen eta hezkuntza sistemari eta langileen egoerari egonkortasuna emango dion irteera bidea aurki dezala.
Baldin eta bai Kristau Eskola eta AICE patronalek baita Eusko Jaurlaritzak ere-gatazkaren arduradun nagusi den heinean- irtenbiderik emateko asmorik ez badute eta gure aldarrikapenei erantzun egokirik ematen ez badiote, mobilizazioari eustea beste aukerarik ez digute utziko.