Sindikatuek Helduen Hezkuntzako murrizketak salatu dituzte legebiltzarrean

2014/06/23
70 lanpostu eta hamarka talde deuseztu ditu Eusko Jaurlaritzak baliabideetan aurreztea oinarrizko hezkuntza eskubide eta zerbitzua bermatzearen gainetik ezarriz. ELArentzat Hezkuntza Sailak hartu duen erabakia larria da. Izan ere baliabideak aurreztea oinarrizko hezkuntza eskubideak asetzea edo guztiontzat kalitateko oinarrizko hezkuntza zerbitzua bermatzearen gainetik jartzen baitu. (Ikusi bideoa)

Gaur ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok agerraldia burutu dugu Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Sailak Helduen Hezkuntzan inposatu dituen murrizketa salatzeko.

Pasa den maiatzaren 15ean Eusko Jaurlaritzak Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan ikastaldeak eta lanpostu zerrendak arautzeko ebazpena atera zuen. Ebazpen horren baitan, ikastaldeak osatzeko gutxiengo ikasle kopuru onartezinak ezartzen dira edota ikasketa ez arautuak (atzerritarrentzat euskara eta gaztelania ikasteko edota unibertsitatera, lanbide heziketako goi zikloetara eta Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko sarrera froga prestatzeko ikasketak) irakaskuntza arauturako dauden baliabideen baitan mugatzen dira.

Modu berean, Hezkuntza Saila ikastaldeak eratzeko irizpideak eta hauei eman beharreko trataera aldatzen ari da, honela ikastetxeei eskaini beharreko lanpostu zerrendan murrizketan justifikatu asmoz. Hau da, irakaskuntza arautuan ikastaldeak osatzeko irizpideak aldatzen dira eta horrela baliabideak murrizteko bidea irekitzen dute; eta irakaskuntza ez arautuan ezingo direnez irakaskuntza arautuan dauden baino talde gehiago izan, aurreko murrizketei oraindik ere murrizketa handiagoak gehitzen dizkiete, nahiz eta talde horiek aurrez aipaturiko ikasketetakoak izan.

Erabaki honen ondorioz datorren ikasturterako Helduen Hezkuntzan 70 lanpostu gutxiago izango dira, hau da plantillaren %11ko murrizketa, eta kasu askotan hezkuntza behar horiek dituzten pertsonak ikasten jarraitzeko aukerarik gabe geratuko dira. Gogoratu beharrean gaude, ikasketa hauetan parte hartzen dutela, besteak beste, gaztetatik ikasketak utzita langabezian gelditu eta ikasketak berreskuratzen ari direnak edota gure hizkuntza eta kultura barneratu nahi duten atzerritarrak. Ikastetxe batzutan atzerritarrentzat gaztelania edo euskara taldeek %50eko murrizketa pairatuko dute.

ELArentzat Hezkuntza Sailak hartu duen erabakia larria da. Izan ere baliabideak aurreztea oinarrizko hezkuntza eskubideak asetzea edo guztiontzat kalitateko oinarrizko hezkuntza zerbitzua bermatzearen gainetik jartzen baitu. Erabaki honen ondorioz Eusko Jaurlaritzak hezkuntzarako oinarrizko eskubidea arriskuan jartzen du, hamarnaka lanpostu desegingo ditu, Helduen Hezkuntzarako Ikastetxeek askoz ere langile eta baliabide gutxiago izango dituzte, lan-kargak biderkatu egingo dira eta ikasle gutxiko ikastetxetako eta landa eremu eta kartzeletako helduen hezkuntza arriskuan jartzen da.

Honegatik guztiagatik ELAk Hezkuntza Sailari eskatzen dio ebazpen hauek erretira ditzala, inolako murrizketarik ez dezala inposa eta egoera honi konponbidea emateko lan-taldea sor dezala. Izan ere oinarrizko eskubideak eta kalitateko hezkuntza jokoan baitaude, ziurrenik baliabide eta aukera gutxiena duten pertsonen kaltetan.