Gizarte Ekimeneko ikastetxeak
Sindikatuek mahai negoziatzailea deitzeko eskatu diete Kristau- Eskola eta AICE-IZEA patronalei

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako sindikatuek, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, idatzi bat aurkeztu dute Lan Harremanen Kontseiluan (LHK). Bertan Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronal nagusiei, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei, berehala mahai negoziatzailea deitzeko galdegin diete.
“Ez dago inolako justifikaziorik greba amaierako akordioan jasotakoa bere osotasunean ez betetzeko, ez eta akordioan jasotako edukiak adostutako baldintzetan hitzarmen batean ez jasotzeko ere”, adierazi dute.
Greba amaierako akordioa orain dela 9 hilabete sinatu zen; langileek bete dute, akordioa sinatu eta hurrengo egunean bertan beraien lanpostura joan baitziren greba albo batera utziz. Patronalek ordea, akordioa betetzeko eta bere edukiak hitzarmen batean jasotzeko oztopoak jarri baino ez dute egin 9 hilabete hauetan.
Sindikatuek epaitegira jo behar izan dute. EAEko Auzitegi Nagusiak urriaren 30ean jakinarazi du bere ebazpena. Auzitegiak, otsailean sinatutako Greba Amaierako Akordioan adostutako soldatak ordaintzera kondenatu ditu patronalak. Epaiak dio:
- Greba Amaierako Akordioa indarrean dagoela sinatu zen unetik bertatik, hau da 2024ko otsailaren 5etik.
- Patronalek akordioa betetzeko obligazioa dutela, eta finantzaketari baldintzatua ez dagoela bere betetzea.
- Patronalek, 2024ko soldatak martxoan ordaintzen hasteko betebeharra izan arren, ez dutela bete.
Hau horrela, sindikatuek patronalei eskatu diete mahai deitzeko, greba amaierako akordioa betetzeko, soldatak eguneratzeko eta ordaintzeko zein akordioaren edukiak adostutako baldintzetan hitzarmen batean jasotzeko.
Patronalek ez badute mahaia deitzen hurrengo bi asteetan, sindikatuek beraiek deituko dute. Eta akordioa betearazteko beharrezko mobilizazio eta tresna guztiak aktibatzeko prest daudela adierazi dute.