UPV/EHU

Mobilizazioak iragarri dituzte lan baldintzak gero eta gehiago okertzen ari direlako

2023/09/13
LABek, STEILASek, CCOOk eta ELAk UPV/EHUn mobilizazioei ekingo dietela iragarri dute, erosahalmena galdu dutelako eta azken urteetan lan baldintzen okertzea jasan dutelako: erretiroen akordioa haustea, zentroak ixtea... UPV/EHUko zuzendaritzaren jarrera immobilista ikusita, mobilizazioak deituko dituzte. Sindikatuek unibertsitate publikoaren prekarizazioa salatu dute, ikasturte hasierako ekitaldian, Arabako campusean. Salatu dutenez, irekiera ekitaldietako agintarien ohiko mezutik urrun, non unibertsitate publikoaren defentsa egiten duten, errealitatea da UPV/EHUko langile guztien lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla. Adierazi dutenez, finantzaketa faltak eragin du, batez ere, azken ikasturteetan Unibertsitatean izan diren murrizketak, besteak beste, erretiro akordioa haustea edo campusak ixtea. Murrizketa horiei beste bat gehitu behar zaie orain. Izan ere, ikasturte amaieratik, okertzen ari da irakasle ikertzaileen ordezkapen kontratuen egoera. Izan ere, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren ezarpena aitzakia hartuta, lan baldintzak okertu egin dira. "Ordezko irakasleen egoera jada gogorra bazen, orain okerrera egin du ordezkapenen politika berriarekin", deitoratu dute.

Hartara, UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle ikertzaileen lan hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak ahalbidetzen duten arduraldi osokoak izan daitezela. Beraz, arduraldi osoko irakasle ikertzaileen ordezko berriei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta Gizarte Segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu.

Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. UPV/EHUko zuzendaritza pasa den ikasturte bukaeran hasi da gurasotasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. Are gehiago, sailetatik jaso ditugun kexengatik, ordezkapen asko ari dira ukatzen behar argia dagoenean. “Jokabide hau onartezina da eta aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko. Borondate politikoa eta negoziaziorako prestutasuna baino ez da behar”, diote.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile guztien lan balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan hitzarmena eta lan poltsen akordioa larriki urratzen ditu; izan ere, akordio horretan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Aldaketa honek haserre handia sortu du langileen artean. Asteburuan argitaratutako 1.200 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok sinatutako gutuna irakurtzea besterik ez dago.

Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:

  • Lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
  • Ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz
  • Irakaskuntzaren antolaketa lana zailduko die Sailei, irakaskuntzaren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, irakasleek denborarik gabe prestatu beharko dituzte irakasgaiak, eta gainera askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).

Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.

Honen aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuek ondorengoa eskatzen dute:

  1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak, …) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.

  2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan hitzarmenean eta lan poltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuta.

  3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuta.

  4. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, eman diezaiola EHUri USLOk ezarritako ordezko irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatzeko behar duen babes politiko eta juridikoa. Baita, modu esanguratsuan gehitzeko ere EHUri bideratutako finantzazioa langile guztientzako lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko. UPV/EHUko zuzendaritzak ere finantzazio gehigarri horren alde publikoki irmoago lan egin beharko luke.