Skolae; berdintasunerako ezinbesteko tresna

Gure iritziz, sektore atzerakoiek hedabideetan sortutako polemikak helburu politikoa du zalantzarik gabe. Aldi berean, batzuetan gertatzen den bezala, oposizio hau erlijio integrismoan oinarrituta dago eta ez berdintasun printzipioetan hezteko behar pedagogikoetan.
Printzipio horietatik, feministetatik alegia, hasi behar dira eraikitzen eskola eta hezkuntza askea; sexismo, matxismo, bazterkeria eta bortizkeria atzean utziko dituena. Hezkuntzak neurriak ezarri behar ditu genero jarrerekin, eduki kurrikularrekin eta etengabeko estereotipifikazioarekin apurtzeko.
Nolanahi ere, garrantzitsua da hezkuntza politikak abiapuntua izatea eta eztabaida antzuak saihestea, guztion helburutik urruntzen gaituztenak alegia: pertsona guztiak integratuko dituen kalitateko Hezkuntza, erabateko garapena ahalbidetuko duena, norberaren baldintza ekonomiko, sozial, kulturalak zein generokoak kontuan hartuko dituena.
Une honetan, eztabaida gune pragmatikoago batean kokatu beharko litzateke, Skolae zentroetan nola aplikatzen den alegia.
Kontutan izan behar dugu ere, asko direla Hezkuntza Departamentutik bultzatzen ari diren proiektu eta planak: bizikidetza planak, kalitatea kudeatzeko sistemak, aniztasun trataerarako planak,, gaitasun pedagogiko-didaktikoaren hobekuntzarako planak, berrikuntza proiektuak, osasuna sustatzen duten eskolen, eskola sozioemozionalen sarea, Elkartasuna eskolen sarea, Eskola seguruak Iraunkortasuna eskolen sarea, teknologia berrietara egokitzeko prestakuntza, kontratu programa ezberdinak, irakasleen autoebaluazioak, etab… Egoera honen aurrean, Departamentuaren Zerbitzuen arteko koordinazio faltak zentroei kudeatzeko ezinezkoa den zama dakarkie maiz. Hezkuntza Departamentuari abian jarritako planei buruzko hausnarketa eskatzen diogu, haien bideragarritasuna berraztertzeko eta lehentasunak eta epeak egokitzeko beharrezkoa balitz.
Bestalde, ezin dugu ahaztu, Departamentutik bultzatutako planak arrakastatsuak izateko zentroen autonomia ezinbestekoa dela. Ez ordea zenbait sektore programa ez aplikatzeko aldarrikatzen duten autonomia. Berez, autonomia zentro bakoitzaren errealitatetzat hartu behar da, honelako programak baldintzarik onenetan ezarriak izan daitezen. Planifikazioa adostu, epeak egokitu, irakasleen prestakuntza ikastetxean bertan egin eta baliabideak ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitu behar dira, errealitate hau oso anitza baita.
Dena den, Skolaeren inguruko hausnarketan ezin dugu bazterrean utzi alde garrantzitsu bat, bere aplikazioa alegia. Programa honek ze neurrian lortzen dituen proposatutako helburuak ebaluatzea beharrezkoa dela uste dugu. Hezkuntza Departamentuak programarekin duen inplikazioa kontutan izanda ez dugu zalantzarik, bere garaian, ebaluazioaren irizpideak eta lorpen adierazleak neurtutako emaitzak azalduko dituela hezkuntza komunitate aurrean.
Azpimarratu nahi dugu Skolaeren erronka zera dela, tokian tokiko eragileak koordinatzeko konpromisoa, ikasgeletatik haratago iristeko asmoarekin. Nafarroako Gobernuari Skolaeren helburuak hedatzeko eskatzen diogu. Adibidez, Hezkuntza Departamentuarekin lan egiten duten enpresen artean, non Lanbide Heziketako ikasleek beren curriculum akademikoaren zati bat betetzen duten, LZF (Lan Zentroetan Formakuntza). Azken 25 urteetan gutxi aldatu da ikasketen aukeraketa genero ikuspuntutik, eta are gutxiago gizonenak izan ohi diren lanbideak aukeratzen dituzten emakumeen baldintza berdinetan sartze-aukerak. Hau dela eta, Garapen Ekonomikoko Departamentuari ausarta izan dadila eskatzen diogu. Hezkuntza Departamentutik ildoa zehaztu dute dagoeneko, eta hortaz, haiek ere, diru laguntza publikoez onura ateratzen duten enpresetan, berdintasun gaietan derrigorrez betetzeko helburuak zehaztu beharko lituzkete. Skolae bezalako programa bat ezartzea ezinezkoa zirudien, orain errealitatea da. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna ez da benetakoa izango eragile ekonomikoei eskatzen zaien arte. Benetako berdintasuna nahi dute? Neurriak hartzeko garaia da, zehatzak, ebaluagarriak eta premiazkoa. Egin dezakezue, egin ezazue beste 25 urte igaro baino lehen.