Sodupeko Eretza LHI eskolako egoera jasanezina salatzen du ELAk
Orain dela hilabete, Sodupeko Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak, lan zentruan zeuden usain gogorrak zirela eta abisua eman zuen Hezkuntza sailean. Eginiko lehen txostenek, usai horiek, grasa, lur, euri ur eta ikastetxeko sukaldearen azpian dagoen elektrizitate sorgailu batetik emandako gasoil ihes batek eragindakoak zirela ondorioztatu zuten. Guzti honen ondorioz, ikastetxeko langile eta ikasleen artean sintomak antzeman dira: buruko minak, begien narritadura...
Egoera hau eta egindako salaketak kontutan hartuta, urtarrilaren 14an, Ingurumen Teknikari batek, txosten zehatzagoak izan arte eta ikastetxea zabaltzeko moduan egon arte, berau itxi egin beharko litzatekeela ondorioztatu zuen. Hala ere, urtarrilaren 20an, bestelako komunikazio bat heltzen da ikastetxera: ez dago ikastetxea itxita egotea arrazoituko lukeen besteko kutsadurarik airean.
Urtarrilaren 24an, balizko txosten baten filtrazioa ezagutzen da eta langile eta gurasoak berriz ere arduratu egiten dira. Balizko txosten horrek, airean benzeno hondarrak egon daitezkeela esaten du, eta ondar hauek izango lirateke ikastetxeko langile eta ikasleengan aipaturiko sintomak eragiten dituena.
ELAk, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Güeñesko udalak harturiko neurriak erabat eskasak direla salatu nahi du, eta bi instituzio hauek, egoera larri honen gainean, ageri duten jarrera pasiboa kritikatu nahi du.
Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk, beste aldera ez begiratzeko eta arazoa seriotasunez heltzeko exijitzen die bi instituzioei. Ikastetxeko langileen eta ikasleen osasuna dago arriskuan eta egoera honentzako irtenbideak ezin dira azalekoak izan. Bukatzeko, egoera hau berehala argitu dadila eta arazoa berehala konpondu dadila exijitzen du ELAk, ikastetxeko egunerokoa normaltasunera ahal bait lehen itzultzeko.