Sukalde eta Garbiketako behin-behineko langileen kontsolidazioa lehentasun bat da

2021/11/17
Sukalde eta garbiketarako hezkuntza sailak planteatutako meritu lehiaketa behin behinekoak kontsolidatzeko prozesu bermatzailea izan dadin mobilizazioa bultzatzen jarraituko du ELAk

Hezkuntzako sukalde eta garbiketako sektoreak prozesu pribatizatzaile basati bat jasan du azken urte luzeetan. Egun, sektorearen %90 pribatizatuta dago, enpresa pribatuek kudeatzen dutelarik zerbitzua. Hezkuntza Sailaren zuzeneko kontratatazio bidezko langilegoaren artean berriz behin-behinekotasuna %66koa da. 674 langiletik 447 behin-behinekoak dira, gehienak emakumeak, behin behineko moduan lanean dihardutenak urte luzez eta 50 urte inguruko bataz-besteko adina dutenak. Argazki hau zerbitzua erabat pribatizatzeko aurreko pausu bezala soilik uler daiteke.

Atzoko sukalde eta garbiketako mahaian hezkuntza sailak lehenengo aldiz meritu lehiaketa bidezko hautatze prozesu bat abian jartzeko aukera planteatu zuen, azterketa bat gainditu beharrik gabe lanpostua lortzeko prozesu bat alegia. Eta hau egindako mobilizazio, interpelazio eta presioaren ondorioa da.

Halere, lehiketa bidezko prozesua kontsolidazioa bermatuko duen prozesu bat izan dadin, ezinbestekoa da bi elementu ematea:

  • Egiturazkoak diren lanpostu guztiak ateratzea lehiaketara
  • Merituen artean hezkuntzako ikastetxeetan lan egindako esperientziak pisu erabakiorra izatea

Behin behineko langileen kontsolidazioa lehentasunezko gai bat da ELArentzat azken hamarkadan. ELAk urteak daramatza hezkuntzako sukalde eta garbiketako, zein gainerako administrazio publikoetako behinekotasun mailarekin amaitzeko neurriak aldarrikatzen eta egungo behin behineko langileak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileen aldeko mobilizazioa bultzatzen. Horregatik izan zen 2018an hezkuntza publikoko mobilizazio indartsuen ondoren behin-behinekotasunari inolako irtenbiderik ematen ez zioten akordioak sinatu ez zituen sindikatu bakarra; horregatik jarraitu du sukalde eta garbiketan zein ahal izan duen gainerako eremuetan helburu horrekin mobilizazioa sustatzen; Horregatik izan gara pasa den Apirilak 22an EAEko sektore publiko osoko grebaren bultzatzaile nagusiak, eta mobilizazio dinamika horri jarraipena eman dion sindikatu bakarra. Besteak beste, ELAk deituta Urriak 26an gauzatutako EAEko hezkuntza delegaritza zein beste instituzioetan egindako itxialdiekin eta ekimenekin, Azaroak 11an legebiltzarrean kidego eta eskalen lege proiektuaren bozketa egunean egindako elkarretaratzearekin edota gaur bertan sukalde eta garbiketako mahaia deitu den egunean Lakuan egindako elkarretaratzearekin.

Atzo sukalde eta garbiketan planteatutako meritu lehiaketa bidezko prozesua gutzi honen eragina da, eta positibotzat jotzen dugu. Halere asko dago oraindik baldintzatzeko.

Orain da sukalde eta garbiketan prozesu hau egungo behin behineko langileak kontsolidatzeko prozesu bermatzailea izatea baldintzatzeko unea. Orain da kontsolidazio erreala, bermatzailea eta sektorearen pribatizazio osoari ateak itxiko dizkiona borrokatzeko une klabea. ELAk, orain arteko dinamikari jarraiki, hau lortzeko beharrezkoa den mobilizazioa eta lanketa bultzatzen jarriko ditu indarrak datozen aste eta hilabetetan.

Behin behineko sukaldari eta garbitzaileak kontsolidatzera eta pribatzizazioari ateak ixtera goaz!!!