EAE HEZKUNTZA PUBLIKOA
Sukalde eta garbikuntzako bigarren greba egunak %70etik gorako jarraipena izan du

EAEko hezkuntza publikoko Sukalde eta garbikuntzako bigarren greba egunak %70etik gorako jarraipena izan du. Aipatzekoa da zenbait tokitan, gutxieneko zerbitzuak kenduta, langileen %100ak greba egin duela. Honako hauetan, adibidez, jarraipena erabatekoa izan da: Gipuzkoan, Donostiako Ikasbiden Hernaniko Meaben, Urretxuko Gain Zurin, CEIP Errekalde Oñatin, Hondarribiko Talaian Egape Urnietan eta Mutrikun; Bizkaian, Bilboko San Inazio eta CEIP Pio Baroja, CEIP Mendia Balmasedan, CEIP Concha Karrantzan, eta CEIP Orozko; eta Araban, Gasteizko Gamarran, Araiako herri eskolan, Dulantzin eta Langraitzen. Garbikuntzako langileen kasuan ere, grebaren jarraipena oso zabala izan da. Erabatekoa, besteak beste, Bergarako Ipintza eskolan, Donostiako Zubiri Manteo, Zarautzeko eskolan, Elgoibarrekoan, Gasteizko Hizkuntza Eskolan eta Francisco de Vitorian.
LAB, ELA eta CCOO sindikatuek antolatuta, Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbikuntzako 1.000 langile izan dira bi egun hauetako grebetara deitu. Ehunka sukaldari eta garbitzaile bildu ziren atzo, urtarrilak 30, Bilbon egindako giza katean eta gaur, urtarrilak 31, Bilboko, Donostiako eta Gasteizeko hezkuntza ordezkaritzetan egindako elkarretaratzeetan.
Sindikatuek adierazi izandako babesak argi erakusten duela grebetan jarraitzeko indarra dutela langileek eta mobilizazioekin jarraituko dutela edukiak lortu arte.
Bi greba egun hauetan salatu dute 16 urtez hitzarmena eguneratu gabe dagoela; baita kolektibo hau dela feminizatuena, lan baldintza prekarioenak dituena eta pribatizazio prozesu handiena bizi duena.
Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; erretiroa aurreratzeko gazteberritze planak adostea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasuna, berdintasuna eta euskara planak garatzea.
Sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoen bitartez greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela.
Azkenengo negoziazio mahaia urtarrilaren 27an izan zen, sailak deituta. Halaber azken urteetan gertatu ohi den moduan, ez zen fundamentuzko edukirik mahai gaineratu eta gainera greba deialdia bertan behera uzteko aurreakordio proposamena egin zuen. Hurrengoa otsailaren 11rako deitu du, proposamenik bidali gabe. Edukirik gabeko bilerak deitzeari uzteko eta aldarrikapen hauei erantzungo dion proposamena jorratzeko argi eskatu diote langileek Hezkuntza Sailari.
Eduki horiek iristen ez diren bitartean grebetan jarraituko dutela iragarri dute.