HEZKUNTZA PUBLIKOA Sukalde eta garbikuntza
Grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute LAB, ELA eta CCOO sindikatuek

Urtarrilaren 30-31 eta otsailaren 19-20ko grebetara Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzako 1.000 langile inguru daude deituak. Grebak deitu dituzten LAB, ELA eta CCOO sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla.
Gainera, akats bat egon da aginduan eta 14:00ak arte ez dute zuzendu nahasmena eraginda. Izan ere, garbikuntzako langile guztientzako %50eko zerbitzu minimoak ezarri zituen hasieran. Sindikatuek aurkeztutako idatzi baten ondorioz agindua zuzendu dute eta Haur Hezkuntzan eta hezkuntza bereziko zentroetara mugatu dituzte garbiketako zerbitzu minimoak.
Halere, salatu dute zuzenketa oso berandu etorri dela eta horrek eragina izan dezakeela. Hori gutxi balitz, Hezkuntza Saila gutxieneko zerbitzuen aginduaren aplikazioa modurik zorrotzenean interpretatzen ari da, langile kopuru ahalik eta handiena lanera joatera behartzeko.
Bestalde, jakinarazik du grebak prentsan iragarri ostean eskatu diren lizentzia edo baimen egunak ez dituela onartuko eta eskatuta zituztenak ez dituela ordezkatuko. Modu horretan, greba egiteko hautua egin duten hainbat langile zerbitzu minimo gisa lan egitera behartuz.
Honekin guztiarekin Jaurlaritzak grebaren jarraipena baldintzatu nahi duela diote sindikatuek. Hala ere, gaur gaurkoz jasotako datuen arabera, grebarako eskubidea izango duten langileen artean, grebak jarraipen oso zabala izango duela aurreikusten dute sindikatuek.