UPV/EHUko sindikatuek eta ikasle elkarteek kalitatezko euskal unibertistate publikoaren aldeko adierazpena plazaratu dute

2013/06/04
norabide aldaketa aldarrikatzen dute UPV/EHUren finantzazioan eta 2011-14 Unibertsitate Planak ezartzen zituen konpromisoak berriro hartzea, alegia, Barne Produktu gordinaren %1,2ko finantziazioa Unibertsitatearentzat, Europan dagoen finantziazio mailetatik oraindik urrun gelditzen bada ere. Sinatzaileak ELA, LAB, STEE-EILAS, CCOO eta UGT sindikatuek eta Ikasle Abertzaleak eta ikasle ekintza izan dira.

UPV/EHUko langile eta ikasleok urteak daramatzagu murrizketen aurka borrokan eta hainbat mobilizazio egin ditugu horregatik, baita grebak ere.

Langileoi soldata murriztu eta izoztu digute, zergak igo dizkigute, eskubideak ukatu dizkigute,oinarrizko  zerbitzuak  garestitzen  dizkigute.  Gure  ahalmenen  gainetik  bizi  izan  garela  esaten digute, krisiaren erantzule gu izango bagina bezala.

Aldi  berean,  Ikasleok  beken  murrizketa  eta  unibertsitate  tasen  igoerak  jasan  ditugu.  Orain gutako askoren familiek arazo larriak dituzte gure ikasketak ordaintzeko. Eta hau guztia gutxi balitz, gutako asko eta asko ikasketak bukatu, titulua lortu eta kanpora joan behar izan dugu,lanerako  gero  eta  aukera  gutxiago  baitugu  gure  herrian  eta  etorkizuna  ere  beltz  agertzen zaigulako.

Gaur krisi garai honen beste egoera bat salatzera gatoz, larria baina oharkabean pasatzen ari dena.  Izan  ere  aplikatzen  ari  diren  baliabideen  murrizketa  politikak  Euskal  Herriko Unibertsitatea kinka larrian jartzen ari baitira.

Denok dakigu krisi ekonomiko latza jasaten ari garela. Baina krisi honen aitzakian borroka bidez hainbat  belaunaldik  eskuratutako  lorpenak  kendu  nahi  dizkigute.  Irakaskuntza  sistema publikoa da lorpen haietako bat. Eta guri zuzenean dagokiguna, euskal gizartearen zerbitzura dagoen kalitatezko unibertsitate publikoa, pertsona guztien eskura dagoena, alegia.

2010tik hona gure unibertsitateak jasan duen baliabide murrizketa oso kezkagarria da. Aurten 51,2 milioi € gutxiago jasoko du Eusko Jaurlaritzatik, hau da, %14,5 jaitsiera bat.

EHUn oraindik ez gaude Estatuko beste hainbat unibertsitateetan dauden bezain egoera larrian (langileen  kaleratzeak,  ikerketa  proiektuak  bertan  behera  uzten,  tasa  igoera eskandaluzkoak,...).  Baina  aurten  jasoko  duen  finantziazio  urriarekin,  murrizketa  latzak  -%40rainokoak-  egin  beharko  ditu  hainbat  eta  hainbat  arlotan,  hala  irakaskuntzakoak  nola ikerkuntzakoak  ere:  laborategiko  praktikak  egiteko  materiala  eta  ikasketak  behar  bezala jarraitzeko  ikas-materialak  erosteko  diru-hornikuntzetan, ekitaldi  zientifikoetara  joateko laguntzetan eta beste hainbat programa eta zerbitzuetan.

Murrizketek  hala  jarraituz  gero,  bekak  gutxituz  eta  unibertsitate-sarrerako  tasak  igoz,muturreko  egoera  batean  gera  daiteke  gure  unibertsitatea:  langileen  seme-alabek unibertsitatera  joan  ezinda  baliabide  faltagatik,  behar  bezala  ikertu  eta  irakatsi  ezinda, langileak  kaleratuz  eta  gizarte  osoarentzako  eskuragarri  eta  bidezkoa  den  kalitatezko unibertsitate zerbitzu publikoa eman ahal izateko oso beharrezkoak diren hainbat programa ezabatuz.

Bestalde, ezin dugu ahaztu, unibertsitateak Euskal Herrian duen bete behar estrategikoa, herri osoari  eta  bereziki  belaunaldi  berriari  etorkizun  oparoagoa  eskaini  aldera,  kalitatezko  goi mailako  formazioa  emanez  eta  ikerketa  programa  berriak  garatuz  gure  herriak  lortu  duen ongizate mailari eusteko eta hobetzeko, alegia.

Horregatik guztiagatik uste dugu unibertsitate sistema publikoa mantendu behar dela, zaindu behar den inbertsio estrategikoa delako, helburu hori lortuko dela bermatzeko beharrezkoak diren politika ekonomiko eta fiskal berriak sustatuz.

Baina horretarako UPV/EHUk dituen eginkizunen garrantziaren adinako diru baliabideak jaso behar ditu. Errektore Taldeak ezin du ontzat eman Eusko Jaurlaritzak  aurrekontu proiektuan ezartzen duen finantziazioa. Eta hala azaldu behar dio publikoki Eusko Jaurlaritzari berari ere. Ez unibertsitateko kideok ezta gizarteak ere ez luke ulertuko isilik gelditzea erabakitzea.

Beraz,  norabide  aldaketa  aldarrikatzen  dugu  UPV/EHUren  finantzazioan  eta  2011-14 Unibertsitate  Planak  ezartzen  zituen  konpromisoak  berriro  hartzea,  alegia,  Barne  Produktu gordinaren %1,2ko finantziazioa Unibertsitatearentzat, Europan dagoen finantziazio mailetatik oraindik urrun gelditzen  bada ere.

Hartara, dei egiten diogu Unibertsitate osoari, Gobernu taldeari eta baita euskal gizarte osoari ere,  unibertsitatearentzako  finantziazio  egoki  baten  alde  borroka  daitezen,  baita  hura bermatzeko beharrezko zerga-politiken alde agertu ere. Halaber, ikasleak eta haien familiak ez itotze  aldera,  eskatzen  dugu  matrikula-tasak  ez  igotzea,  tasak  ordaintzeko  era  malguak ahalbidetzea eta bekak eguneratzea. Herri honentzako UPV/EHUk duen garrantzi estrategiko eta sozialak hala agintzen du. Gure etorkizuna dugu jokoan.