Uriarte Hezkuntza Sailburuak 3.mailako azterketak LOMCE onartzea suposatzen duela ezkutatu nahi du
Atzo Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak eginiko adierazpenak onartezinak iruditzen zaizkio ELAri. Izan ere, adierazpen horien atzean aurten lehen aldiz egiten diren 3.mailako azterketak LOMCEa onartzean suposatzen duela eta erreformak ezartzen dituen ebaluazio sistema bere egiten dituela ezkutatu nahi baitu. Izan ere, azterketa hauek LOMCEren ezarpenean beste pauso bat dira eta jarraian inposatu nahi diren bigarren hezkuntzako eta batxillergoko errebaliden aurrerapena besterik ez dira.
Honez gainera sindikatuak gogor salatzen du, familia, ikastetxeetako zuzendaritza eta langileengan eragin zuzena duten azterketa hauen inguruan Hezkuntza Saila izaten ari den iluntasuna eta inolako informaziorik eza.
Sailburua hezkuntza komunitatea eta jendartea nahasten saiatzen ari da LOMCEri aurre egiten dionaren itxura eman nahian, baina orain arte emandako pauso guztiak (Heziberri, hizkuntza ereduen inguruko akordioa Madrilekin, ikasturte hasierako aginduak...) Werten hezkuntza erreforma basatia ezartzearen aldekoak izan dira eta ez du modu eraginkorrean aurre egiteko inolako erabaki eta bitartekorik ezarri.
Uriartek 3. mailako azterketa hauek LOMCErekin zerikusirik ez dutela eta orain arte egin diren ebaluazio diagnostikoak besterik ez direla adierazi du. Aldiz abaluazio diagnostikoak orain arte 4. mailan egin izan badira zergatik egin nahi dira orain 3. mailan, kasualitatez LOMCEk ezartzen duen moduan? Zergatik orain arte egin den ebaluazio diagnostikoa 3. mailara pasa, horrekin orain arte egin diren frogen edozein alderatze eta jarraipen hankaz gora jarriz?
ELArentzat onartezina da Hezkuntza Sailaren erabaki honekin LOMCEk ezartzen duen eta gure hezkuntza sistema osoa hankaz gora jartzen duen ebaluazio sistemari sarrera ematea.
Ebaluazio sistema honek,
-
botere ekonomiko-finantzieroek ikasleak lan-tresna bihurtzeko intereseko dituzten parametroak neurtzea eta horien baitan hezkuntza baldintzatzea du helburu. Berdintasuna, lankidetza, aniztasuna, hezkidetza, sormena, kritikotasuna... erabat baztertuz.
-
Ikasle, ikastetxe, hezkuntza proiektu ezberdinak berdintzea bilatzen du aurrez adierazitako helburuarekin.
-
Ikasleen sailkapen goiztiarra bideratzeko tresnak ezartzen ditu.
-
Ikasleen hezkuntza ibilbide eta garapen pertsonalizatua baztertzen du.
-
Hezkuntzako langileen lana eta jarraipen pertsonalizatua mespretxatzen dute.
-
Ikastetxeak sailkatu eta beraien artean lehiatzeko arriskua areagotzen du eta inguru sozial kaltetuetan lan egiten duten ikastetxeak zigortzen ditu.
-
Etengabeko murrizketak inposatzen diren testuinguruan honelako ebaluazioek ez dute zailtasunak dituzten ikastetxeentzat baliabide gehiago bermatzen.
-
Garapen pertsonala eta oinarrizko gaitasunak garatzeko inolako baliorik ez duten frogak dira, eta aldiz tentsio handia sortu, hezkuntza sistema baldintzatu, kontrolatu eta bideratzeko besterik ez dute egiten.
Horregatik ELAk 3. mailako azterketa hauek erabat errefusatzen ditu eta babesa adierazten die 3. mailako azterketa hauei uko egiteko erabakia hartu duten guztiei. Era berean, sindikatuak hezkuntza langile, zuzendaritza, eskola kontseilu eta familiei ere honelako azterketei aurre egiteko bere eskura dituzten bitarteko eta baliabide guztiak erabiltzera deitzen ditu.
Aurrez esan bezala, ELAren ustez azterketa hauek LOMCEren ezarpenean beste pauso bat dira eta jarraian inposatu nahi diren bigarren hezkuntzako eta batxillergoko errebaliden aurrerapena besterik ez dira.
LOMCEren baitako azterketa hauek gobernuen hezkuntza konpetentziei erabateko erasoa egiten die, hezkuntzaren zentralizatu eta kontrolatzea dute helburu eta sekulako inboluzioa suposatzen dute arlo pedagogikoan.
Honegatik guztiagatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Cristina Uriarte Sailburuari dei egiten die LOMCEren ezarpenean beste pauso bat besterik ez den azterketa hau bertan behera uztera. Eta eskatzen die hezkuntza komunitateak eta herritarren gehiengo zabalak eskatzen dienari kasu egitea, gure hezkuntza sistema eta jendartea hezkuntza erreforma basati honen baitan ez sakrifikatuz.