Uriarte Sailburuak irakasleen ebaluazioa erabiltzen du hezkuntzaren arazo nagusienei ez heltzeko

2015/12/18
Jomuga irakasleen ebaluazioan jarriz bere ardura zuzena den inbertsio eskasa, plantila murrizketa, behin-behinekotasuna, lan-kargen handitzea edota prestakuntzarako baliabideen murrizteak hezkuntzan duen eragin kaltegarria estali nahi ditu.

ELA komunikabide bitartez jakiten ari da Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua irakasleen ebaluaziorako egitasmo bat gauzatzen ari dela. Beste behin ere argi geratzen da jaurlaritzak hezkuntza sistemaren oinarria diren eta horrelako proposamen batek zuzenean eragiten dien hezkuntza langileekiko duen errespetu eza.

Aurrez espainiar gobernuak egin duen moduan, orain Eusko Jaurlaritzak irakasleen lana eta ebaluazio beharra azpimarratzen dituzte hezkuntza sistemaren erronka moduan.

ELAk hezkuntzaren ebaluazio eta hobetze sistemak egoki eta beharrezko ikusten ditu, baita irakasleen artean ere. Baina Uriarte sailburuaren ekimena eta azken hilabeteetako proposamen eta eztabaidak guztiz partzialak eta intentzioz beteak dira. Proposamen eta eztabaida hauek gobernu ezberdinek gure hezkuntza sisteman sortu dituzten arazo nagusienak ezkutatu eta jomuga irakasleengan jartzea dute helburu.

Eusko Jaurlaritzak:

  • Hezkuntzaren ikuspegi erabat merkantilista bultzatzen du, hezkuntza integrala alboratuz.

  • Sortzen dugun aberastasunaren %3,6 besterik ez du inbertitzen hezkuntzan, proportzioan 28ko Europar Batasunaren bataz-bestekoak baino ia 900 milioi gutxiago. Europar Batasuneko 28 estatuetatik soilik Errumaniak egiten du inbertsio txikiagoa.

  • Gelako ikasle kopurua handituz 2.500 lanpostu desegin ditu hezkuntza sistema osoan.

  • 3 irakasletik 1 behin-behinekoa izatea bultzatu du.

  • Ordezkapenik ez du egiten edo astebeteko atzerapenez egiten ditu.

  • Lan-kargak handitu ditu.

  • Baja hartzeko aukerak murriztu ditu.

  • Prestakuntza edota hezkuntza behar berezietarako baliabideak murriztu ditu.

  • Adin batetik aurrera irakas-ordurik ez ematea oztopatu du.

  • Soldatak murriztu ditu.

Hezkuntza Sailak honetan guztian duen ardura eta honek hezkuntza sisteman duen eragin kaltegarria estali nahi du arazoa irakasleengana bideratuz.

ELA prest dago irakasleen ebaluazioaz hitz egiteko, sarrerako nahiz jarraiko prestakuntza hobetzeko neurriak hartzeko, baina jaurlaritzak bere hezkuntza eta murrizketa politika goitik behera aldatu behar du hezkuntza sistemak dituen arazo eta erronkei aurre egin nahi badie: hezkuntza inbertsioa handituz, plantilak handituz eta egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, prestakuntzarako eta behar berezietarako baliabideak gehituz, lan-kargak arinduz, plantilak berrituz, adin batetik aurrera irakas-orduak murriztuz eta lan-baldintzetan emandako murrizketak itzuliz.