Urriaren 6an greba eguna haurreskoletan

Hezkuntza Sailak, Eusko Jaurlaritzak agindutako 2010eko uztailaren 5eko aurrekontuak murrizteko legearen ondorioz, urte horretarako Haurreskolak Partzuergorako aurrekontua murriztu zuen 450.000 euro gutxiago bideratuz. Testuinguru hartan, Haurreskolak Partzuergoaren asmoa ordezkaritza dugun LAB, EILAS eta ELA sindikatuekin ezarritako murrizketak negoziatzea izan zen baina alde sozialak ez zituen inolaz ere murrizpen hauek onartu, hauek eragin zuzena baitzuten langileen lan baldintzetan eta eskainitako zerbitzuaren kalitatean. Inposaketa hau dela eta, sindikatuok mahai negoziatzailea utzi genuen.
Egoera horretan, Haurreskolak Partzuergoko langileok 2010-2011 ikasturtean, Hezkuntza Sailak langileen soldatan zein zerbitzuaren kalitatean ezarritako murrizketak salatzeko elkarretaratzeak eta lau lanuzte arrakastatsu burutu genituen. Mobilizazio hauen eta epaitegian sartutako salaketaren ondorioz, enpresak kendutako dirua behin-behinean itzultzera behartuta izan zen.
Halaber, gure aldarrikapenei muzin eginez, Hezkuntza Sailak 2011n Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua 1.000.000 euro gutxiago bideratu du, soldata murrizketa ere aurreikusita izanik. Aplikaturiko neurri hauen ondorioz, 2011-2012 ikasturte honetako hasiera oso gogorra izaten da haurreskola askotan gure lan hitzarmena (2009ko abendutik salatuta egonda) ez baita betetzen: koordinazio eta prestakuntzarako denbora hartzeko arazo larriak daude, ordezkapenak ez dira lehenengo egunean betetzen edota ez dira jartzen, honek haurreskolek eskaintzen duten zerbitzuan funtzionamendu eta antolaketan eragin zuzena duelarik.
Tamalez, ikusten dugu administrazioak zerbitzu publikoak murrizten eta langileen lan eta eskubide sozialen zapalketan oinarritutako politika jarraitzen duela, geuk sortu ez dugun egoera ordainaraziz, eta hau, bereziki haurrek kalitateko hezkuntza jasotzeko funtsezko eskubidearen kontra doa. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak “Haur etxeak” deituriko egitasmoa martxan jartzeko dirua bideratu du, Haurreskolak Partzuergoaren helburuarekin, hau da, haurraren hezkuntza integrala garatzea, era zuzenean talka eginez.
Beste aldetik, sindikatuok gaur egungo lan hitzarmena betearazteko urratsak eman eta hurrengo konbenioaren negoziaketari hasiera emateko benetako borondatea erakutsi arren, ikusten dugu Hezkuntza Sailak ez duela honetarako inolako asmorik eta ekainean eskatutako mahai negoziatzailea konbokatzeari ez dio momentuz erantzunik eman.
Egoera honen aurrean, sindikatuok kalitateko zerbitzuaren eta langileen lan eta eskubide sozialen aldeko defentsan borrokatzera behartuta gaude. Horregatik, Haurreskolak Partzuergoko langile guztiei mobilizatzeko deia luzatzen diegu, Hezkuntza Sailak gaur egungo lan hitzarmena betetzeko pausuak eman ditzala eta hurrengo konbenioaren benetako negoziaketari lehentasuna eman diezaion. Langileekin burututako asanbladetan guztiok batera biltzeko beharra azpimarratu zen eta horregatik, lehenengo mobilizazioa egun osoko lan uztea izango da urriaren 6an Donostian, non langile guztien asanblada orokorra burutu ostean hiriburu honetako kaleetatik manifestazioa egingo dugun gure aldarrikapenak kaleratzeko. Aurrerantzean jarraitu beharreko pausuen berri emango dugu.