HEZKUNTZAKO SUKALDE ETA GARBIKUNTZA

Urtarrileko eta otsaileko grebek jarraipen zabala izan dute

2025/02/20
Hurrengo bilera martxoaren 6an izango da. LABek, ELAk eta CCOOk ez dute baztertzen greba dinamikarekin jarraitzea.

LABek, ELAk eta CCOOk oso balorazio positiboa egin dute urtarrilean eta otsailean EAEko Hezkuntzako sukalde eta garbikuntzan egindako lau greba egunei buruz. Sektore feminizatuena da eta Hezkuntza Sailaren lan baldintza prekarioenak dituena. Guztira, 1.000 langile deitu dituzte grebara, eta jarraipen zabala izan du (are gehiago otsailean), Eusko Jaurlaritzak "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" ezarri dituen arren. Hala, mobilizazioetan jarraipena % 70 ingurukoa izan da. Hurrengo bilera martxoaren 6an izango da. LABek, ELAk eta CCOOk ez dute baztertzen greba dinamikarekin jarraitzea.

Greba zikloan zehar, Hezkuntza Sailak negoziazio mahaiak deitu ditu, azkena otsailaren 11n izan zen. Sindikatuek azpimarratu dute grebei esker mahai gainean jarri behar izan dituztela funtzioen gaia bezalako edukiak. Kategorien egokitzapenaz ere hitz egiten hasi dira. Hala ere, deitoratu dutenez, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez ditu nahikoa eduki mahaigaineratu hitzarmen berria sinatu ahal izateko.

Hauek dira hitzarmena berritzeko aldarrikapen nagusiak:

  • Sukalde eta garbikuntzako ratioak hobetzea, lan kargak arintzeko eta lanaldiak murrizteko.
  • Plantilla gaztetzeko planak adostea.
  • Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea.
  • Funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea.
  • Enplegua bermatzea eta egonkortzea.
  • Pribatizazioen, bat egiteen edo itxieren bidez lanpostuak ez suntsitzeko neurriak hartzea.
  • Ordezkapenei buruzko araudia negoziatzea eta erabakitzea.
  • Lizentziak eta baimenak hobetzea.
  • Lan osasuneko, berdintasuneko eta euskarazko planak garatzea.

Aldarrikatzen dituzten edukiak ikasleentzako arreta egokia ere bermatzera bideratuta daude. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote langileei entzuteko eta grebetan aldarrikatu diren eskaerei erantzuteko.