EAEko itunpekoak

Urtarrileko grebekin aurrera jarraituko dute patronalek ez dutelako urratsik egin

2024/01/16
EAEko Gizarte Ekimeneko zentroetako sindikatuek aurrera jarraituko dute urtarrileko grebekin, gaur, urtarrilak 16, Bilboko LHKn izan den bileran patronalek aurrerapausorik eman ez dutela egiaztatu ostean. ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek adierazi dutenez, patronalen azken proposamenak ez du erosteko ahalmena bermatzen, ez du lan kargak arintzeko eta enplegua bermatzeko neurririk hartzen, eta ez du hobekuntzarik ekartzen sektore feminizatuentzat. Halaber, salatu dute Eusko Jaurlaritzak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela. Adibidez, Hezkuntza laguntzako espezialisten kasuan, eskolek egun arruntetan baino espezialista gehiago kontratatu beharko lituzkete agindua betetzeko.

Pasa den astean izandako bi bileretan, sindikatuek langileen eskaerei erantzungo zien proposamena egiteko eskatu zieten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eduki horiek orain hiru urte hitzarmena iraungi zenetik eskatutakoak dira, eta hala ere jakinarazi zieten pasa den asteko bileretan. "Patronalak, ordea, etxeko lanak’ egin gabe etorri dira", diote, adostasunerako gakoak diren gaietan ez dutelako hobekuntzarik proposatu. Esaterako, erosahalmena bermatu gabe jarraitzen dute, lan kargak arintzeko neurririk ez dago, enplegua bermatzeko neurri zehatzik ere ez, eta sektore feminizatuentzako hobekuntzarik gabe etorri dira gaurko mahaira. Lanbide Heziketan zein gainerako gaietan proposamen "eskasak" egin dituztela gehitu dute.

Hori horrela, sindikatuek urtarrileko grebei eutsiko diete, "agerikoa baita greben eraginez soilik mugitzen direla patronalak". Aldi berean, sindikatuek erabateko prestutasuna azaldu dute gaurko bileran funtseko gaietan proposamena landuta dutenean behar beste biltzeko eta adostasunak lortuz gatazka bideratzeko.

Era berean, sindikatuek AMPAri adierazi diete euren kezka partekatzen dutela eta egoera lehenbailehen bideratzeko borondatea dutela. Horregatik, eurekin biltzeko gonbitea luzatu diete.

Bihar grebei begira, Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri du zerbitzu minimoen agindua. Aurrez ezarritakoak gehiagizkoak baziren, orain pauso bat gehiago eman du. Hezkuntza laguntza espezialisten kasuan, ezarritako zerbitzu minimoak betetzeko egun arruntetan baino espezialista gehiago kontratatu beharko lituzkete eskolek. Eusko Jaurlaritzari gehiegizko zerbitzu minimoak ezartzeari utzi, eta gatazka bideratzeko esku har dezala galdegin diote sindikatuek.

Sindikatuek helburua honako hau da: langile guztien erosahalmena bermatzea, lan kargak arintzea, enplegua bermatzeko neurriak jasotzea, sektore feminizatu eta prekarioenen baldintzak hobetzea, eta Lanbide Heziketa modu egokian arautzea. Horrekin bat, euskalduntze planak, berdintasun planak eta lan osasuna bermatzeko (bereziki arrisku psikosozialak) plangintza eta neurriak hartzea bermatzeko aurreikuspenak ere behar dira.