EHU-KO ORDEZKO IRAKASLEAK

Mobilizazio gehiago iragarri dituzte irailetik aurrera, aurrerapausorik egon ezean

2024/07/11
ELAk, LABek, Steilasek eta EHUko Prekarioen Koordinakundeak balorazioa egin dute protestak hasi zirenetik urtebete igaro denean.

EHUko ordezko irakasleek beste behin gogorarazi dute lan baldintza prekarioak eta murrizketak ez direla hasi azken urte honetan. Oso atzetik datoz, baina egungo errektoretzak bide horretan sakontzeko erabakia hartu zuen. Azken urteotan lan karga handitu egin da, eta datorren ikasturtean martxan jarriko duten JARDUN sistemarekin gehiago handituko dela aurreikusten dute. Era berean, plantillaren egonkortasunik eza oso handia dela salatu dute.

Gainera, aldi baterako kolektiboak sistematikoki diskriminatzen dira, eta horrek are gehiago okertzen du egoera (irakasle eta ikertzaileen zenbait kolektibori ikerketa seiurtekoak eta lanaldi partzialeko irakasle eta ikertzaileei irakaskuntza bosturtekoak ukatzen zaizkie). Bestalde, ikertzaileek hasierako etapetan duten prekarietatea nabarmena da, eta oztopoz betetako bidea da.

ELAk, LABek, Steilasek eta UPV/EHUko Prekarioen Koordinakundeak ohartarazi dute egoera horiei irtenbiderik aurkitu ezean, datorren ikasturtean berriro kalera aterako direla egoera salatzera. Adierazi dute EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna dela ordezko langileen inguruan sortu dituzten arazoei irtenbidea ematea, eta konponbidea lortu arte ez dutela amorerik emango.

Era berean, errektoretzari eta Eusko Jaurlaritza berriari dei egiten diete egoera zentzugabe eta diskriminatzaile hori amaitzeko eta ordezkapenak arrazoizko baldintzetan (soldata eta lan baldintza duinak eta ez-prekarioak) egiteko behar diren urrats guztiak eman ditzaten.

SINDIKATUEN AGIRI BATERATUA