Uztailaren 14, 23 eta 26an, greba egun berriak deitu dituzte Bizkaiko autoeskoletan, hitzarmenaren alde

2021/07/01
APAVI patronalaren erantzunik jaso ez denez, ELAk eta CCOOk mobilizazioak areagotzea erabaki dute Bizkaiko autoeskoletan, uztailaren 14, 23 eta 26an 3 greba egun gehiago deituta. Duela 11 urtetik amaitutako hitzarmen bat berritzea, sektoreko lan-baldintzak erregularizatzea eta genero-arrakalak amaitzea eskatu dute.

Autoeskoletako langileek 11 urte daramatzate Lan Hitzarmena berritu gabe. Sektoreko langileen soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak orohar erabat prekarioak eta kasu askotan irregularrak dira. Gainera, genero arrakala garrantzitsua dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuei dagokionez.

ELA eta CCOOen ekimenez, sektore horretako negoziazio-mahaia 2020ko urrian ireki zen. Zazpi hilabete baino gehiago igaro direnean eta mahaiko bederatzi bilera egin ondoren, agerian geratu zen APAVI patronalak ez zuela borondaterik benetako urratsak eta aurrerapauso garrantzitsuak emateko sektore horretako langileen lan-baldintzak erregularizatzeko eta nabarmen hobetzeko funtsezko kontuetan.

Egoera horren aurrean, arlo honetan % 100eko ordezkaritza duten bi sindikatuek 2 greba-egun deitu zituzten ekainaren 8rako eta 10erako, langileen babesa lortuz.

Hala ere, patronala ez da langileen ordezkariekin harremanetan jarri ere egin, eta negoziazioan aurrera egiteko erabateko borondaterik eza erakusten jarraitzen du.

Sektorea duintzeko, profesionalizatzeko eta sektorearen aldeko benetako apustua egiteko, ezinbestean erregularizatu eta duindu behar dira gero eta prekarioagoak diren lan- eta soldata-baldintzak. Horregatik, sektoreko langileen kolektiboak aurrerapenak eskatzen ditu, batez ere honako hauek:

  • Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, urtean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.

  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.

  • Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21: 00etatik aurrera luzatu daitezke sektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.

    Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.