EAEko Auzitegi Nagusiak lege-iruzurtzat jo du Jaurlaritzak 28 urtez Heziketa Bereziko hezitzaile bat behin-behineko kontratupean izatea

2016an ELAren afiliatu den Hezkuntza Publikoko Heziketa Bereziko lan-legepeko hezitzaile batek salaketa sartu zuen Eusko Jaurlaritzaren aurka, 1988az geroztik behin-behineko kontratupean aritu delako lanean egiturazko lana eta lanpostu bat betez.
2017ko martxoan EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion langileari eta ELAri, kontratazioa lege iruzurrekoa zela adieraziz eta Hezkuntza Saila langilea mugagabe kontratatzera behartuz, hau da, lanpostua behin-betiko bete bitartean langileari lan-legepeko mugagabeko kontratua egitea exijituz.
Eusko Jaurlaritzak epaiari helegitea jarri zion, baina ekaianaren 1ean argitaraturiko behin-betiko epaian, Auzitegi Nagusiak bere epaia berretsi du.
Epai honek, agerian uzten du Hezkuntza Sailak eta Eusko Jaurlaritzan hamarka urtetan sistematikoki erabili duten iruzur kontratazioa. Izan ere, egiturazkoak eta ezinbestekoak diren lan eta lanpostuetarako administrazioak behin-behineko kontratazioa erabili du modu sistematikoan. Kasu askotan, hezitzaile honen kasuan bezala, hamarka urtetan zehar.
ELAren ustez, erabat onartezina da administrazio publikoak enpresa piraten moduan jokatzea, oinarrizko beharrei erantzuten dien zerbitzu eta lanpostuetarako sistematikoki behin-behineko kontratazioa erabiltzea urte luzetan zehar. Honek langileen egonkortasun eta lan-baldintzei larriki eragiteaz gain, herritarrontzat ezinbestekoak diren oinarrizko zerbitzuei ere modu kaltegarrian eragiten die.
ELAk Hezkuntza Sailari exijitzen dio onartezina den jokabide sistematiko honi amaiera ematea eta berehala behin-behinekotasuna %6ra murriztuko duen 6.000 lanpostutik gora egonkortu ditzala Hezkuntza Publikoko sektore ezberdinetan.