HEZKUNTZA LEGEA

Zilegitasunik ez duela salatu du ELAk elkarretaratze zaratatsu batean

2023/12/21
Hezkuntza komunitatearen eta euskalgintzaren kontra onartu da legea. Legebiltzarraren aurrean egin du elkarrateratzea ELAk.

ELAko ordezkariak Legebiltzarraren aurrean egin dute elkarretaratzea, osoko bilkuran EAJren eta PSEren babesarekin EAErako Hezkuntza Legea onartzen ari den bitartean. Bi urte luzeko ibilbidea egin ondoren, Hezkuntza komunitatearen eta euskalgintzaren kontra onartu da legea. Horregatik, ELAk salatu du lege horrek ez duela zilegitasunik. Azkenik, hezkuntza sistemaren eraldaketarako mobilizazio eta ekimenak bultzatzen jarraituko duela adierazi du hezkuntza publiko orokortua, euskarazko murgiltze eredua, euskal kurrikuluma eta lan baldintza egokiak izango dituen hezkuntza sistema baterako bidean.

ELAk lege proiektu honen inguruko balorazio kritikoa egiten du. Uste du Hezkuntza Lege honen zirriborro guztiek orokorkeriak jasotzen dituztela, eta horien helburua dela egungo hezkuntza sistemaren muina betikotzea. Hizkuntza ereduei buruzko eztabaidak oso argi erakutsi du hori. Alderdiek aspaldi egin diote uko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko aukera eskaintzen duen hizkuntza eredua orokortzeari, alegia, euskarazko murgiltze ereduari.

Horren ordez, interpretazio oso desberdinak dituen artikulatu bat adostu dute, besteak beste eskolek egungo hizkuntza ereduekin jarraitzeko aukera ematen duena. Are gehiago, D ereduan euskararen presentzia murriztu dezaketen gaztelera eta ingelesaren alde. Hori horrela zen orain dela hilabete ezagutu genuen lege proiektuan, eta horrela izango da EAJ-PSEk hizkuntza ereduen inguruan aurkeztutako zuzenketa onartua izan ala ez: ez kasu batean ez bestean, legeak ez du ikasleak elebidunak izatea ahalbidetuko.

Era berean, lege honek ez dio bide emango Euskal Herrian adostutako curriculuma garatzeari, ez du trantsiziorik bideratuko eskola publiko burujabe baten bidean, eta ez dio galgarik jarriko hezkuntza sitemaren merkantilizazioari. Kalitatezko hezkuntza eskaintza bat izateko ezinbestekoak diren lan baldintza eta baliabide egokiak jasotzeari ere uko egin dio. Horregatik egin dira hiru greba egun hezkuntza publikoan urriaren 24ean eta 25ean eta abenduaren 19an, eta bederatzi Gizarte Ekimeneko ikastetxe itunduetan.