osakidetza

ELAk euskararen eta gaztelaniaren parekatze progresiboa exijitu du

ELAk euskararen eta gaztelaniaren parekatze progresiboa exijitu du
Sindikatuak salatu du ez dagoela bermatuta ez euskarazko arreta ezta euskaraz lan egiteko aukera ere, eta langileak euskalduntzeko baliabideak eskatu ditu.

ELAk elkarretaratzea egin du astelehen honetan Gasteizko Osakidetzaren egoitzaren aurrean, Euskara Batzorde Korporatiboaren bilerarekin bat eginez. Sindikatuak salatu du gaur egun Osakidetzak ez duela bermatzen herritarrei euskarazko arreta eskaintzea, ezta langileek euskaraz lan egin ahal izatea ere. Horregatik, bi hizkuntza ofizialen parekatze progresiboa eta euskara ez dakiten langile publikoak euskalduntzeko baliabideak eta epeak eskatu ditu.

Mobilizazioa bat etorri da Osakidetzako III. Euskara Planaren ebaluazioarekin. ELAren ustez, plana ez da tresna eraginkorra plantilla euskalduntzeko, eta, ondorioz, ez du bermatzen ez herritarren hizkuntza eskubideak ezta euskara lan hizkuntza izatea ere.

Gaztelaniaz bizi diren herritarrek hizkuntza eskubideak erabat bermatuta dituzte, baina euskaldunen eskubideak sistematikoki urratzen dira. Gaztelania %100ean eskatzen da administrazio publikoko lanpostuetan, baina euskararen ezagutza ez da neurri berean eskatzen, eta horrek desoreka egoera betikotzen du.

ELAk nabarmendu du hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak bateragarriak direla, eta euskaraz lan egin ahal izatea ere lan eskubidea dela. Era berean, Eusko Jaurlaritzari plantillak egonkortu eta euskalduntzeko proposamena aurkeztu ziola gogorarazi du, baina oraindik ez duela erantzunik jaso salatu du.

Osakidetzako plantillaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa izanik, datozen urteetako erretiroak aukera paregabea dira administrazioa modu progresiboan euskalduntzeko, neurri traumatikorik hartu gabe. Horregatik, ELAk alderdi politikoei eta administrazioei ausardiaz jokatzeko eta bi hizkuntza ofizialen benetako parekatzea gauzatzeko eskatu die.