OSAKIDETZA

ELAk Osasun Sailburuari gogorarazi dio bere esku dagoela medikuak grebaren bidez aldarrikatzen ari diren arazoak konpontzea

ELAk Osasun Sailburuari gogorarazi dio bere esku dagoela medikuak grebaren bidez aldarrikatzen ari diren arazoak konpontzea
Ministerioari medikuekin negoziatzeko eskatzen dion bitartean, Osakidetzak 15 urte baino gehiago daramatza bere langileen lan-baldintzak berritu gabe, eta Mahai Sektorialean ez dago aurrerapausorik lan-baldintzak arautzeko akordio berri bat lortzeko.

Osasun Sailburuak medikuekin negoziatzeko eskatu dio Ministerioari; izan ere, bere hitzetan, elkarrizketarik ezak arriskuan jartzen ditu osasun-arreta eta Osasun Sistema Nazionalaren egonkortasun instituzionala.

Gogorarazi behar da sailburuak Madrilera jotzen duen bitartean, ez dituela bere betebeharrak betetzen eta bere plantillaren lan-baldintzak berritu gabe mantentzen dituela. Osakidetzak duela 15 urte baino gehiago iraungitako Lan Baldintzen Akordioa du, eta berritzeko negoziazioek ez dute aurrera egiten. Legegintzaldiko urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, Sailak ez ditu berritu bere langileen lan-baldintzak. Osasun Sailburuak EPEei eta beste gai batzuei buruzko iragarpen nabarmenak egin dituen arren, Osakidetzako langileek lan-baldintza prekarioak jasaten jarraitzen dute, eta hori da, halaber, kategoria batzuetan profil gutxi egotearen arrazoia.

Sailburuak berak azaldu duenez, fakultatiboak hainbat greba-egun egiten ari dira Espainiako estatu mailan. Zalantzarik gabe, egun hauetan grebara ateratzen ari diren Osakidetzako medikuak langileen haserrearen adibide ona dira. Haserre hori areagotu egin da azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak egindako politiken ondorioz: murrizketa zuzenak, inbertsiorik eza, plantillen eskasia, lan-kargen igoera, %20ko eros-ahalmenaren galera, %43an jarraitzen duen behin-behinekotasuna (gaur egun, iraupen luzeko 19.326 aldi baterako langile daude), eta abar. Gogora dezagun 2019an Lehen Arretako langileek hainbat greba-egun egin zituztela garai hartan pairatzen zuten prekarietatea salatzeko. Azken urteotan, egoera areagotu baino ez da egin, Osasun Sailaren konponbiderik eza dela eta.

Berriro ere, eta medikuen grebaren aurrean, Osasun Saila, bere erantzukizunak bere gain hartu eta bere langileen lan-baldintzak hobetzeko lanari ekin beharrean, Madrilera begira jarri da, eta Ministroari pausoak eman ditzala eskatu dio, Eusko Jaurlaritza gai horietan ezer egin gabe jarraitzen duen bitartean. Berriro ere, Madril aitzakia perfektua da. Hala ere, Sailburuari ahaztu egiten zaio esatea bere esku dagoela plantillak aldarrikatzen ari diren arazoak konpontzea, adibidez, 24 orduko nahitaezko guardia medikoak ezabatzea.

Azken urteotan, ELAk grebak eta mobilizazioak bultzatu ditu Osakidetzaren egiturazko arazoak salatzeko. Greba horiek politikotzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak, eta existitzen ez zen ondoez artifiziala elikatzea ere leporatu digu. Egungo egoera, Eusko Jaurlaritzaren konpobide ezaren ondorio zuzena da. ELAk Osakidetzari bidali dio aste honetan bere aldarrikapen-plataforma, akordio arautzaile berriaren negoziazioari begira, eta iragarri du aliantzak eta mobilizazioak bultzatuko dituela 15 urte baino gehiago berritu gabe egon diren lan baldintzak negoziatzeko.