ELAk salatu du Osakidetzak eta SMEk sinatutako akordioak aparteko orduak egitera bultzatzen duela
ELAk gogor kritikatu du Osakidetzak eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) sinatutako akordioa. Izan ere, hitzarmenak ez du medikuen lan zama arintzen, guardia kopurua murriztu arren aparteko orduen bidez lan bera egiten jarraitzera bultzatzen duelako, ordainsari handiagoaren truke. ELAren esanetan, neurriak ez die Osakidetzako egiturazko arazoei erantzuten, eta plantilla indartzea ere ez du aurreikusten.
Akordioak, besteak beste, guardiak egiten dituzten medikuei atseden gehiago ematea aurreikusten du. Hala ere, plantilla handitu ezean, atseden horiek aparteko orduen bidez estali beharko direla ohartarazi du ELAk. Horren ondorioz, lan karga ez dela murriztuko dio, baizik eta lan bera garestiago ordainduko dela. Gainera, gogorarazi du guardiarik egiten ez duten profesionalak, Lehen Mailako Arretako medikuak kasu, akordiotik kanpo geratzen direla.
ELAk salatu du Osasun Sailak eta SMEk azken urteetan estrategia bera mantendu dutela: lan gehiago egitearen truke ordainsari handiagoak eskaintzea. Akordioaren helburua da medikuen lan baldintza prekarioak bere horretan mantentzea, diruaren bidez haien onarpena lortuz.
Bestalde, ELAk nabarmendu du SME izan dela Mahai Sektorialean akordioa babestu duen sindikatu bakarra. Gainerako sindikatuek negoziazioa utzi dute, proposamenak Osakidetzako plantilla osoa kontuan hartzen ez duela, gehiengo sindikalak baztertzen dituela eta oinarrizko eskubide sindikalak urratzen dituela iritzita.
Egoera horren aurrean, ELAk berriro eskatu die gainerako sindikatuei udazkenean greba mugagabea deitzeko, Osakidetzako lan baldintzak eta kategoria profesional guztien egoera hobetuko dituen hitzarmen berria negoziatzeko.
ELAk uste du 17 urteren ondoren lan baldintzen akordioa berritu gabe egon izanak erakusten duela hobekuntzak borondate politikoaren araberakoak direla, eta Jaurlaritzak gatazka eta mobilizazioen aurrean soilik egiten dituela aurrerapausoak. Horregatik, iragarri du mobilizazioak eta grebak sustatzen jarraituko duela Osakidetzako langile guztientzako lan-hitzarmen berria lortzeko.
Medikuen egoerari aurre egiteko, ELAk hainbat neurri proposatu ditu:
-
Lau urteko epean 2.000 fakultatibo gehiago sartzea Osakidetzan. Horretarako:
-
Urtean 500 mediku gehiago prestatu behar ditu EHUk, eta prestakuntza amaitzean, guztiek bi hizkuntza ofizialak menderatzen dituztela bermatu behar du.
-
Madrili BAME prestakuntzaren eskumena eskatzea eta BAME kopurua bikoiztea, kasu honetan ere prestakuntza amaitzean guztiek bi hizkuntza ofizialak menderatzen dituztela bermatuta. Osakidetzan BAMEa gainditu dutenek zuzenean plaza finkoa lortzea nahi du ELAk eta ondoren lekualdatze lehiaketan lanpostua lortzea.
-
Mutualitateen zerbitzu batzuk publifikatzea.
-
Fakultatiboen 3.300 plaza eskaintzea EPE batean, behin-behinekotasuna %5era murrizteko.
-
Aurrekoaz gain, ELAk aparteko orduak eta autokontzertazioa paulatinoki ezabatzea eskatzen du. Horretarako, prozesu tenporalizatu bat eskaintzen du. Prozesu horretan, urtebetean, gaurdia-kopurua 3 izango da hilean, eta bi urtean, 2 hilean.
-
Beharrezkoa ez den burokrazia ezabatzea.
-
Medikuntza pribatuan lan egiteko aukera ezabatzea.
-
Aparteko orduen zenbaketa egiteko ordutegi-erregistroa martxan jartzea.
-
Lehen Arretako medikuen ordainsariak hobetzea.