OSAKIDETZAKO LAN BALDINTZEN AKORDIOA

ELAk udazkenean greba mugagabea deitzeko beharra azpimarratu du

ELAk udazkenean greba mugagabea deitzeko beharra azpimarratu du
Medikuen Sindikatuari egindako 70 milioiko eskaintzak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politikoaren kontua dela. ELAk ekainaren 25erako elkarretaratzeak deitu ditu Osakidetzako lan zentro guztietan

ELAk udazkenean greba mugagabea deitzea beharrezkotzat jo du Osakidetzako kolektibo eta kategoria guztien egiturazko arazoei irtenbidea emateko. Sindikatuak iragarri du mobilizazio eta greba dinamika bat bultzatuko duela langile guztien lan baldintzak hobetzeko, eta beste sindikatuekin aliantzak eraikitzen jarraituko duela, greba mugagabe baten bidez benetako negoziazioa behartzeko. Bide horretan, ELAk ekainaren 25erako elkarretaratzeak deitu ditu Osakidetzako lan zentro guztietan.

Osakidetzako langileen lan baldintzak 17 urte daramatzate berritu gabe eta, legegintzaldiaren hasieran iragarritako jarrera aldaketa gorabehera, Mahai Sektorialean ez da benetako aurrerapausorik eman: “Kudeaketa on baten irudia eman nahi du Osasun Sailak, eta irekita dituen gatazketan (medikuen, teknikarien eta abarren grebak), beste aldera begiratzen du, Madrili eta Ministrari bere arazo guztien errua egotzi nahian. Bere eskumeneko arazoak Madrilen esku uzten ditu”, kritikatu du Esther Saavedra Osakidetzako arduradunak.

“Osasun Sailaren estrategia da lan baldintzen akordiorik merkeena lortzea, hobekuntza mugatuak kolektibo jakin batzuei eskainiz, sindikatu korporatiboen babesarekin, eta gainerako langileen beharrak albo batera utziz. Horrela bakarrik ulertu daiteke Sindikatu Medikoaren erabateko isiltasuna Mahai Sektorialean grebari edo bere aldarrikapenei buruz. Osakidetzako kolektibo guztiek pairatzen dituzte lan baldintza prekarioak eta konponbideak ezin dira kategoria jakin batzuetara mugatu”, adierazi dute Osakidetzako ordezkariek.

ELAk nabarmendu du Osasun Sailak Medikuen Sindikatuari guardiak handitzearen truke eskaini dizkion 70 milioi euroek erakusten dutela langile guztien lan baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela. Era berean, eskaintza hori Mahai Sektorialetik kanpo egitea eta bertan edukirik ez egotea onartezintzat jo du. “Eskaintza horrek berak, Mahai Sektorialean dagoen eduki faltarekin batera, agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak ulertzen duen hizkuntza bakarra mobilizazioa eta greba direla".

Azken hamarkadetan Osasun Sailak erabilitako eta Medikuen Sindikatuak berak babestutako konponbideekin oso kritikoa da ELA. Autokontzertazio-sistema, aparteko orduak egitea dakarrena, duela 30 urte baino gehiago jarri zen martxan. Orduan, ondorioztatu zen ohiko jarduerak ez zituela betetzen herritarrei arreta emateko beharrak, eta plantillak handitzearen aldeko apustua egin beharrean, langileek aparteko orduak egitea erabaki zen; neurri hori orduan indarrean zegoen guardia-sistemarekin batera jarri zen martxan. Ordutik aurrera, egoerak okerrera baino ez du egin.