Eusko Jaurlaritzak berriz huts egin ditu langile publikoekin dituen betebeharrak

2016/05/16
Gaur Itzarriren urteko batzarra egiten ari da; Itzarri herri-administrazioko langileen enpleguko BGAEa da. Aurtengoan ere etorkizun iluna du erakundeak; Eusko Jaurlaritzak ukatu egiten ditu negoziazio kolektiboan hitzartutako ekarpenak.

Jaurlaritzak huts egiten ditu langileekin hartutako konpromisoak, negoziazio kolektiboan adostutako dirua ez baitu jartzen; azken bost urteetan ez du halakorik egin, ezta antza egiteko asmorik ere, epe laburrean.

Eusko Jaurlaritzak murrizketa honetan duen jokabidea bereziki larria da, izan ere, EAJk berak sartu baitzuen zuzenketa Estatuko 2014rako aurrekontu orokorretan, pentsio-planetarako ekarpenak egiteko debekua kentze aldera. Gainera, Itzarrin Eusko Jaurlaritzako langileentzat ekarpenak egitea ukatzen duen alderdi berak toki- eta foru-administrazioan kontrako jarrera du, Elkarkidetzari dagokionez (bera da Udal eta Diputazioetako langileen BGAEa). ELAk gobernu honen zinismoa eta borondate politiko eza salatzen du, baita langileak zigortzen jarraitzeko duen asmoa: hauek sortu ez duten krisi baten ondorio ekonomikoak beren poltsikoetatik ordainarazi nahi die.

ELAk salatu duenez, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak BGAEak aipatzen dituzte inbertsio industrialen etorkizunerako funtsezko direla esanez, edota pentsio publikoen osagarri gisa, baina ITZARRIren heriotza eragin dezakete ekarpenik egiten ez duten heinean. EAJrentzat eta Jaurlaritzarentzat enpleguko BGAEak diru-zorroak besterik ez dira, aurrekontu publikoetako murrizketak goxatzeko edota benetako industri-politika batean inbertsioak dituen arazoak konpontzeko.

Ez da egia dirurik ez dagoela. Urkulluren gobernua harro agertzen da 2015eko aurrekontuan 600 milioi “aurreztu” dituelako. Arazoa da dirua beste gauza batzutara bideratu nahi duela, esaterako zor publikoa pagatzera, hau baita bere lehentasun bakarra; langileei negoziazio kolektiboa eragotzi eta ukatu egiten die, eta estatuko oinarrizko arauak ezartzerakoan presaka ibiltzen da, baina langileei murrizketak konpentsatzerakoan azkena izan ohi da.

ELAk berriro exijitzen dio Urkullu Lehendakariari Jaurlaritzako langileen lan-baldintzak berreskuratu eta hobetzeko urratsa egin dezala; azken urteetako murrizte erabakiak bertan behera utz ditzala; administrazioan enplegua sortzearen alde egin dezala benetan; emandako hitza bete dezala, esaterako Itzarriri dagokionez, eta benetako negoziazioari ekin diezaiola. Orain lehentasuna pertsonak, kalitatezko enplegua eta zerbitzu publikoak izan behar dira.