Basurtuko ospitalea

Larrialdietako administrazioko langileek dohainik egiten dute lan urtean bost egunetan

Larrialdietako administrazioko langileek dohainik egiten dute lan urtean bost egunetan
Zazpi orduko lan txanda dute langileek, baina egunean 10 minutu gehiago behar dituzte txanda aldaketa egiteko eta araudiak zehazten duena betetzeko. Osakidetzak, ordea, ez die aitortzen denbora hori lan denbora gisa, beste ospitale batzuetan ez bezala. Izan ere, Gernikan, Gurutzetan, Araban edo Galdakao-Usansolon eskubide hori aitortzen zaie, beraz, egoera diskriminatzailea bizi dute Basurtun.

Basurtuko Ospitaleko Larrialdietako Administrari Laguntzaileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Basurtu Ospitalean, Osakidetzak urtean 5 lanegun aitortzen ez dizkiela salatzeko. Izan ere, langile horiek 10 minutu gehiago luzatzen dute lanaldia hurrengo lan txandako lankideei aldaketen berri eman eta partea egiteko; hala dago araututa hitzarmenean, lan baldintzak arautzen dituen akordioan. Osakidetzak, ordea, ez du kontuan hartzen denbora hori.

Basurtuko Ospitaleko larrialdietako langileak 2017 urteaz geroztik ari dira eskubide hori aldarrikatzen, eta Osakidetzak kasurik egiten ez diela ikusita, mobilizatzen hastea erabaki dute.

Osakidetzak eskubide hori Basurtuko Ospitalean ez, baina beste ospitale batzuetako administrari laguntzaileei aitortzen die, hala nola Gernika, Gurutzeta, Araba edo Galdakao-Usansolon. Hortaz, egoera diskriminatzailea bizi dute Basurtun. Horregatik, langileek eskatzen dute bereizkeria horrekin amaitu, eta 10 minutuko luzapena lanalditzat hartzea, horretarako eskubidea dutelako.