Osakidetzak murrizketak eta adabakiak aplikatzen jarraitzen du oporraldiei begira
ELAk azken urteetan behin eta berriz salatu du kategoria batzuetako profesionalen eskasiaren atzean dagoena dela langileen lan-baldintza eskasak. Osakidetzak 15 urte baino gehiago daramatza bere langileen lan-baldintzak berritu gabe. Izan ere, Akordio Arautzailea iraungita dago 2009tik. Urte eta erdi baino gehiago igaro da legegintzaldia hasi zenetik eta Mahai Sektorialean ez dago aurrerapausorik. Izan ere, ELAk Akordio berria negoziatzea premiazkoa dela azpimarratu duen arren, gaurko bileraren gai-zerrendan ez da puntu hori sartu.
Osasun Sailak konponbide bakarra aplikatu du azken urteetan, eta errezeta hori berriro proposatu du gaurko bileran: murrizketak eta adabakiak oporraldiei aurre egiteko. ELAk salatu du Lehen Arreta urtean 180 egunetan funtzionatzen duela murrizketa zuzenekin. Bada, Aste Santuko oporraldiari begira, Osakidetzak irekita uzten du ordutegi murrizketak eta itxierak aplikatzeko aukera eta, gainera, prestakuntza espezializatua oraindik amaitu gabe duten medikuak kontratatzea proposatzen du, epe horretan gertatzen diren absentziak betetzeko (martxoaren 30etik maiatzaren 3a arte). Osakidetzak pausu bat gehiago ematen du eta egoiliarren egoera are gehiago prekarizatu nahi du: egunerokoan prestakuntza jasotzen ari diren langiletzat hartzen ditu eta horren baitan ordainsari baxuak ordaintzen dizkio; orain, berriz, Osakidetzak konpondu nahi ez duen arazo estruktural bat behin-behinekoan konpontzeko erabili nahi du kolektiboa.
Osasun Sailburuak medikuekin negoziatzeko eskatu zion Ministerioari pasa den astean; izan ere, bere hitzetan, elkarrizketarik ezak arriskuan jartzen ditu osasun-arreta eta Osasun Sistema Nazionalaren egonkortasun instituzionala. Gogorarazi behar da Sailburuak Madrilera jotzen duen bitartean, ez dituela bere betebehar propioak betetzen eta bere plantillaren lan-baldintzak berritu gabe mantentzen dituela. Zalantzarik gabe, azken hilabeteetan grebara atera diren Osakidetzako langileek plantillaren ezinegonaren berri ematen dute, eta ezinegon hori areagotu egin da azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak aurrera eraman dituen politiken ondorioz.
Hala ere, Osasun Sailak, bere erantzukizunak bere gain hartu eta bere langileen lan-baldintzak hobetzeko lanari ekin beharrean, Madrilera begiratzen du, eta Ministroari eskatzen dio urratsak eman ditzala, bera gai hauen inguruan ezer egin gabe jarraitzen duen bitartean. Hala ere, ahaztu egiten zaio esatea bere esku dagoela plantillak aldarrikatzen ari diren arazoak konpontzea, adibidez, 24 orduko nahitaezko guardia medikoak kentzea.
ELAk bere aldarrikapen-plataforma igorri dio Osakidetzari, akordio arautzaile berria negoziatzeko, eta publiko egin du aliantzak eta mobilizazioak bultzatuko dituela, azken 15 urteetan berritu ez diren lan-baldintzak negoziatzeko.