Osakidetzako Mahai Sektorialean hitzak bai, ekintzarik ez

Sindikatuontzako enplegua izan da Mahai Negoziatzaileko eskakizun garrrantzitsuena, azken urteetan galdutako 3000 lanpostuen berreskurapena eta behin-behinekotasun tasaren jaitsiera erradikala. Eremu horietan Osakidetzak ez du konpromiso errealik azaldu, ordezkapenak orain arte bezala egingo dituztela esan dute eta hurrengo EPEan jubilatuko diren langileen lanpostuak bakarrik eskainiko dituztela esan dute.
Osakidetzan egunero 10000 behin-behineko langile lanean ari dira, ELAk defendatu du lehen urrats bezala 5000 lanpostutako EPE bat burutu beharko litzatekeela, eta Osakidetzak erretiroak bakarrik beteko dituztela esan du, horrek 2016an 900 lanpostutako deialdia suposatzen du. Edonola, frogak ez dira 2017 baino lehen izango.
Bestetik, garapen profesionalean maiatzean egindako proposamenean atzera egin dute, orduan 2012tik zor den gai hau 2015eko urritik aurrera ordaintzeko aukera azaldu zuten, baina gaurkoan 2015ekoa ahazteko esan digute.
Horrez gain, fede oneko negoziazio bat burutu ahal izateko sindikatuok ezinbestekoa dugu Osakidetzaren plantilla erreala ezagutzea, gaurkoan ere ez digute informazio hori helarazi eta sindikatuok ezin izan dugu proposamen seriorik burutu ezkutatutako informazio hau izan ez dugulako. Negoziaketarako borondate faltaren adibide izan da ere datorren astean Urdulizko Ospitala publikoa izan dadin langileekin egin behar genituen asanbladak burutzeko jaso dugun debekua, honek argi erakusten du Osakidetzak langileak isilarazteko edozer egiten jarraituko duela.
Sindikatuok mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu. Martxoaren 2an Donostiako Ospitalean hurrengo hitzordua izango dugu eta negoziatzeko borondaterik ez dagoen bitartean mobilizazioek gora egingo dute.