OSAKIDETZA MAHAI SEKTORIALA

ELAk ez du babestu garapen profesionalerako eredu berria

2026/05/06
ELAk ez du babestu garapen profesionalerako eredu berria
Osakidetzak gutxiengoan sinatu du eredu berri bat ELAren aldarrikapenetatik aldentzen dena. Eredu hori izan behar da nahitaez ekitatiboa, bermatzailea, genero-ikuspegia barneratzen duena eta kategoria guztien garapen profesionala ahalbidetuko duena.

Osakidetzak amaitutzat eman du gaur Garapen Profesionaleko eredu berriaren negoziazioa. Mahaia osatzen duten sindikatuen artean, Medikuen Sindikatuaren eta Erizainen Sindikatuaren babesa baino ez du jaso. Beraz, gutxiengoan sinatutako akordioa da.

ELAren iritziz, Dekretu berriak aurrerapen txikiak baditu ere (horietako batzuk ELAk proposatutakoak), aukera galdua da langileei benetako garapen profesionala ahalbidetzen duen eredu bat eskaintzeko bidean. Eredu hori izan behar da nahitaez ekitatiboa, bermatzailea, genero-ikuspegia barneratzen duena eta kategoria guztien garapen profesionala ahalbidetuko duena.

Gogoratu behar da soldata-osagarri baten aurrean gaudela, eta azken urteetan metatu direla Osakidetzaren ez-betetzeak honen inguruan. 2011. urtean, Osasun Sailak alde bakarrez erabaki zuen indarrean zegoen araudian jasotako urteko deialdiak ez egitea eta, beraz, ez ordaintzea. ELAk helegitea jarri zuen erabaki horren aurka, eta epaitegiek erabaki hori legez kanpokoa zela erabaki zuten. Ondorioz, Osakidetzak 100 milioi euro baino gehiago ordaindu behar izan zituen.

Hortik aurrera, eredu berri bat negoziatzeko beharra planteatu zen, eta Osakidetzak 4 urte baino gehiago luzatu du fase hori.

Hasieratik, ELAk Osakidetzari planteatu zion Garapen Profesionalak funtsezko ezaugarri hauek izan behar zituela:

  • Eredu berriak indarrean dagoena hobetu behar du. Egungo sistemak zerbait hobea eraikitzeko oinarria izan behar du.

  • Betetzen dela eta ordaintzen dela bermatu behar du. Ezin gara itzuli Osakidetzak alde bakarrez hitzartutakoa ez betetzea erabakitzen duen egoerara.

  • ELAk eredu ireki eta iraunkor bat proposatu du, langileak, mailaz aldatzeko baldintzak betetzen dituela uste duenean, eskaera egin ahal izateko eta baldintzak betetzen dituen unetik kobratzeko.

  • Araudiak bermatu behar du ebaluazio objektiboa eta prestakuntza irisgarria izango dela kategoria guztientzat, diskriminaziorik gabe.

  • Lan egindako epe guztiak hartu behar ditu kontuan, prestakuntza espezializatua, praktikak eta abar barne.

  • Genero-arrakala ezabatzeko neurriak jaso behar ditu (kategoria feminizatuak, ikertzeko, irakasteko aukerarik gabe…).

  • Euskararen ezagutza berariaz baloratu behar da.

  • Egungo zenbatekoak berrikusi behar dira.


Gaur onartutako eredu berriak planteatutako bi gai baino ez ditu onartzen. ELAk aurrerapausu horiek positiboki baloratu dituen arren, salatu du ez direla nahikoak.

Osakidetzak prestakuntza espezializatuko denbora zenbatzea onartu du (BAME, BAFE, BAPE, BABE, etab.) Hala ere, ez du onartu gaur egun martxan dagoen deialdian berrikuntza hori aplikatzea, baizik eta Dekretu hau onartu ondoren egiten diren deialdietan aplikatuko da. Bestalde, Osakidetzak euskarazko Hizkuntza Eskakizunak baloratzea onartu du, eta ELAk positibotzat jo du neurri hau. Hala ere, aurrerapen horiek gorabehera, funtsean, gaur onartutako ereduak aurrekoaren ezaugarriei eusten die. Horregatik, ELAk uste du galdutako aukera baten aurrean gaudela.

Gogoratu behar da, duela aste batzuk, ELAk langileen artean bildutako 2.000 sinadura baino gehiago eman zizkiola Osakidetzari, azaldutako ezaugarriak izango dituen Garapen Profesionaleko eredu berri bat eskatzeko.