OSASUNGINTZA

Osakidetzak gutxieneko hobekuntzak planteatu ditu lan baldintzetan

Osakidetzak gutxieneko hobekuntzak planteatu ditu lan baldintzetan
Euskalduntzea, erretiroa, lanaldia, egutegia eta oporrak jorratu dira gaurko bileran, eta Osakidetzak gutxieneko hobekuntzak baino ez ditu proposatu.

Mahai Sektorialeko gaurko bileran, ELAk egiaztatu du Osakidetzak ez duela benetako borondaterik plantillaren lan-baldintzetan benetako hobekuntzak egiteko. ELAk salatu du Osakidetzak lan baldintzen Akordioaren negoziazioa beste prozesu burokratiko bat bihurtu nahi duela.

Bere planteamendua Akordioa zatitzea da, sindikatuei multzo bakoitzean zehazten diren tituluei alegazioak egiteko eskatzea eta, ondoren, Mahai Sektorialean sindikatu bakoitzaren alegazioak zeintzuk diren adieraztea. Ondoren, Osakidetzak, alde bakarrez eta negoziatzeko inolako tarterik gabe, ze alegazio onartzen dituen eta zeintzuk ez erabakitzen du. Horrek esan nahi du, praktikan, egiten diren aldaketak direla erredakzio hobekuntzak edota azken uerteetan emandako lege aldaketen arabera egin beharreko aldaketak. Sindikatuen gainerako alegazio, eskaera eta aldarrikapenak, benetako hobekuntzak ekar ditzaketenak, automatikoki baztertzen dira.

Zehazki, gaurko bileran gai garrantzitsuak jorratu dira, hala nola euskalduntzea, erretiroa, lanaldi arrunta, lanaldi osagarria (guardiak), egutegia edo oporrak. ELAk salatu du ez dagoela aldaketa edo hobekuntza nabarmenik puntu horietan. 17 urte baino gehiago igaro direnean, argi geratu da Osakidetzak egungo markoari eutsi nahi diola gutxieneko hobekuntzak aplikatuz.

Hori gutxi balitz, ezabatu egiten dira aurretik jasotako eskubideak, hala nola erretiro aurreratuagatiko primak. Horien erreferentzia Osakidetzak erabat ezabatu nahi du orain, azken urteotan Aurrekontuen Legeek horiek aplikatzea eragotzi dutela argudiatuta. Gainera, ELAk berriro salatu du Osasun Sailak oraindik ez duela ordainsariak hobetzeko planteamendurik egin. Ez dago horri buruzko proposamenik.

Ez da onargarria Osakidetzak akordio berri baten zirriborroa aurkeztea, soldaten hobekuntzarik jasotzen ez duena, Eusko Jaurlaritzak 2027rako aurrekontuak ixteko asteak falta direnean. Aurrekontu Legean Osakidetzak osasun publikora bideratu nahi duen aurrekontu-partida zehaztuko du. ELAk ez du onartuko Osakidetzak orain zirriborro bat aurkeztea, bere aldarrikapenetan jasotako enborreko gaiei heltzen ez diena eta gero aurrekontuen mantra aitzakiatzat erabiltzea hobekuntzak ez egiteko.

Testuinguru horretan, ELAk azpimarratu du greba eta mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoak direla, benetako hobekuntza sakonak lortzeko helburuarekin. Argi dago zuzeneko lotura dagoela plantillako lan-baldintzen eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatearen artean. Lan-baldintzak benetan hobetzea borondate politikoaren kontua da, eta gaur egun Osakidetzak ez du borondate hori erakutsi.

Horregatik guztiagatik, ELAk dei egiten die Osakidetzako langileei datorren urriaren 30erako aurreikusita dagoen lehen greba-egunarekin bat egin dezaten. Momentua da Osakidetzako Zuzendaritza presionatzeko, kategoria guztientzako benetako hobekuntzak abian jar daitezen, kolektibo guztiak ezinbestekoak baitira Osakidetzaren eguneroko funtzionamendurako.