ELAk eta LABek EAEko udaletan greba deituko dute urriaren 8an
EAEko udaletan urte asko daramete langileak lan baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe eta ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak okertzen doaz etengabe. Duela urte eta erdi baino gehiago Udalhitzeko mahaia eratu zen, 2010etik berriztu gabe dagoen akordioa berritzeko. Bitartean, Udalhitzeko lan-hitzarmenetik kanpo dauden udaletako lan-hitzarmenen negoziazioan ere egoera berdina da, udal batzuetan gai zehatzen inguruan lortutako akordio partzialez gain ez da akordio integrala lortzeko eta lan-hitzarmena osotasunean berritzeko aukerarik egon.
ELAk eta LABek EAEko udal sektoreak greba eta mobilizazio dinamika bat martxan jarri zuten apiriletik aurrera. Bi orduko lanuzteak egin zituzten apirilean eta maiatzean eta ekainean bi egun osoko greba egunak. Sindikatuek balorazio positiboa egiten dute greba dinamika horretaz, udal langileak haien lan baldintzak hemen hobetzeko grina dutelako. Borrokarako prest dagoen kolektibo bat islatu ziren data horietan.
Halere, hainbat aldarrikapen oraindik ez daude mahai gainean. Besteak beste: azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak, euskaraz lan eta bizitzeko neurriak, publifikazioetan azpikontrataturiko langileen subrogazio eskubidea, lanaldia gehiago murriztea, errelebo kontratua eta gazteberritze planetan sakontzea falta da. Hala, urte eta erdi baino gehiago negoziatzen egon ondoren, ez dira behar besteko aurrerapenak jasotzen Eudel eta alderdi politikoen proposamenetan.
Gauzak horrela, ELAk eta LABek erabaki dute geldirik ez egotea. Azken hilabeteetan ikusi den bezala, Eudel eta Alderdi politikoen jarrera tinkoa soilik greba eta mobilizazioarekin gauzatzen da. Zentzu horretan, mobilizazioa dinamikak irailetik aurrera jarraituko du. Ondorioz, besteak beste, urriaren 8an EAEko udal sektorean egun osoko greba deialdia egingo dute bi sindikatuek.
Bukatzeko, ELAtik eta LABetik zuzen interpelatu nahi dute EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteek. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko.