Zuzendaritzaren kudeaketa eredua salatzeko elkarretaratzea
Azken negoziazioetan behin eta berriz azaldu diren gabeziek eta kontraesanek erakutsi dute antolaketa arazoa egiturazkoa dela, eta horrek lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean kalte nabarmenak eragiten dituela.
Lanpostuen zerrendaren negoziazioa eta benetako dimentsionamendua
Zuzendaritzak zenbait lanpostutan kategoria-igoerak proposatu baditu ere, langileen ordezkarien ustez arazoaren muina ez dago soilik kategorian edo soldatan. Bi faktore nagusi azpimarratu dituzte:
• Bulegoetan lan-kargak handiegiak dira.
• Azken urteotan sortu diren antolakuntza-premia berriei ez zaie behar bezala erantzun.
Horregatik, ELAk defendatzen du lan-kargei erantzun erreal bat ematea, bai bulegoetan bai Zerbitzu Zentraletan, gaur egungo egiturak ez duelako bermatzen lanaren banaketa bidezkoa eta jasangarria.
Euskara: atzera pausoa lanpostu berrietan
Langileen ordezkariek kezka agertu dute sortzen ari diren lanpostu berrietan hizkuntza-eskakizunak beherantz egokitzen ari direlako. Neurri horrek ez du bat egiten Lanbideko euskara planaren espirituarekin, eta arriskuan jartzen du euskararen normalizazioaren alde azken urteetan egindako lana.
ELAren arabera, euskara ezin da izan egiturazko arazoak estaltzeko aldagaia, ezta antolaketa-erosotasunaren menpeko elementua ere. Sinbolismo hutsak ez dira nahikoa: benetako hizkuntza politikak behar dira.
Telelana: akordioa sinatu bai, baina bete ez
Zuzendaritzaren jardunaren adibide argia da telelanaren inguruan gertatutakoa. Aldez aurretik sinatutako akordioa errespetatu beharrean, zuzendaritzak telelana ezartzeko jarraibide oso murriztaileak argitaratu ditu, inorekin negoziatu gabe, eta horrela, praktikan, sinatutako akordioa baliogabetu du.
Horrek zuzenean zalantzan jartzen du sinatzen diren akordioen benetako balioa eta zuzendaritzaren konpromisoen sinesgarritasuna.
Hiru urteko bitartekotasuna duten lanpostuetako langileak arriskuan
Azkenik, ELAk salatu du Administrazioaren utzikeriaren ondorioz dagoeneko lankide batzuk kaleratu dituztela, 3 urtez bitarteko egoeran egon direlako. Beste askok lanpostua galtzeko arrisku erreala dute arrazoi berberagatik hurrengo hilabeteetan.
Sindikatutik gogorarazi dute arazo hori duela hilabete batzuk mahai gaineak jarri zutela. Egoera honen aurrean, ELAk argi adierazi du bere eskaera: arriskuan dauden langile guztiak dagokion prozesuan sartzea, helburu argi batekin: inor ez dadila kalera joan eta benetako negoziazioa egon dadila, ez inprobisazioa.