CEMENTOS REZOLA (AÑORGA)

Añorgako lantokian Enplegu Erregulazio Espediente bat martxan jarri nahi du zuzendaritzak

2024/06/18
Cementos Rezola (Heilderberg Materials) enpresako zuzendaritzak bilera deitu du 56 langileri eragingo dien Enplegu Erregulazio Espedienterako (EEE) mahaia osatzeko, Añorgako planta deskarbonizatzeko aitzakipean.

Cementos Rezolako (Heilderberg Materials) zuzendaritzak dio bereziki porlanaren lehen prozesua egiteko ekoizpenak ez duela europako legedia betetzen, eta hori aitzakiatzat hartuta 56 lanpostu kolokan jarri eta horietatik 15 Arrigorriagako lantokira pasa nahi dituela.

Enpresa batzordea planteamendu horren aurka azaldu da eta enpresari eskatu dio prozesua bertan behera utz dezala. Izan ere, enpresaren helburua ez da deskarbonizazio prozesu bat abiatzea, Añorgako lana beste lan zentro batzuetara eraman nahi du. Horretaz gain, ez dago bermerik prozesua gardentasunez egingo denik. Gaurko mahaira arte, langileek informazioa komunikabideen bitartez jaso dute.

Enpresa batzordea ados dago benetako deskarbonizazio prozesu bat egitearekin, beti ere benetakoa eta langileekin adostutakoa bada eta lanpostuen suntsiketarik gabe. Enpresak irabazi handiak ditu, eta lantokia egokitzeko erabil ditzake. Langileek ez dute onartuko aitzakia hori erabiltzea lanpostuak suntsitzeko.