TUBOS REUNIDOS

EEEa bertan behera uztea eta etorkizun industriala bermatzea aldarrikatzen du ELAk

EEEa bertan behera uztea eta etorkizun industriala bermatzea aldarrikatzen du ELAk
ELAk Lan Ikuskaritzan jarritako salaketaren ondoren 41 behin-behineko langilek enpresan jarraitzea lortu duten arren, kaleratze behartuak mantentzen direla salatu du. 2025eko emaitzen sinesgarritasuna zalantzan jarri du eta kontabilitate ingeniaritzaren erabilera salatu du.

ELAk bere jarrerari eusten dio eta Tubos Reunidosen Enplegu Erregulazioko Espedientea (EEE) bertan behera uztea eskatzen du, altzairutegiaren jarraipena, logistikaren mantentzea eta kaleratze beharturik ez egotea bermatzeko. ELAk, EEEaren aurka errekurtsoa aurkeztuko duena, enpresaren etorkizuna bermatuko duen benetako bideragarritasun plan industriala exijitzen du.

ELAk Arabako Lan Ikuskaritzan aurkeztutako salaketaren ondoren, iruzurrezko egoeran zeuden 41 aldi baterako langile plantillan sartzea lortu da, ikuskaritzak guztira 44 kasu antzeman ostean. Hala ere, hiru langilek enpresan ez jarraitzea erabaki dute. Aurrerapauso hori positibotzat jotzen duen arren, ELAk ohartarazi du gainerako behin-behineko langileen artean kaleratze behartuak gertatzen jarraitzen dutela, eta ez du baztertzen iruzurrezko kontratazio gehiago egon daitezkeenik; horiek aztertzen jarraituko duela adierazi du ELAk.

Lan Ikuskaritzaren ebazpena bi bileraren ondoren etorri da: lehenengoa otsailaren 24an egin zen, ELAk ustezko iruzurrezko kontratazioen zerrenda aurkeztu zuenean; eta bigarrena martxoaren 25ean, kasu horien existentzia baieztatu zenean. Ondorioz, enpresak bere azken erabakia berrikusi behar izan du, eta langile horietako batzuk plantillan txertatu ditu.

ELAk zalantzan jarri ditu enpresak 2025ari buruz aurreko ostiralean aurkeztutako azken emaitza ekonomikoak. Sindikatuaren arabera, ez da koherentea 2024arekin alderatuta fakturazioa nabarmen handiagoa izan den urte batean, hasieran jakinarazitakoa baino galera handiagoak agertzea. Lehen azterketa batean, ELAk zuzendaritzaren aldetik kontabilitate ingeniaritza baten erabilera sumatzen du eta emaitzak aztertuko dituela iragarri du.

ELAk euskal erakundeei “benetako eta berehalako” inplikazioa eskatu die enpresaren egoerari irtenbidea emateko, eta egoera hori zuzendaritzaren kudeaketa txarraren ondorio dela adierazi du. Sindikatuak gogorarazi du egungo zorra 2008an duela jatorria, akziodunen artean 170 milioi euro banatu zirenean.