ELAk adierazi du hitzarmen berriak ez dituela hobekuntzarik jasotzen
2023an iraungitako hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioek hilabeteak iraun dute, eta 2024a akordiorik gabe igaro da. Urte horretan egindako %10,8ko igoerak enpresengan izan zuen eragin ekonomiko handiaren aitzakia erabili du une oro patronalak KPIren galeren arteko aldeak berreskuratzeko.
Hala ere, 2024an, atzerapenik gabe, sektoreko langileak izan dira taulak eguneratzeko formula hori benetan jasan dutenak. Formula horrek erosteko ahalmenaren galera oso handia ekarri zien peoiei (2550€) eta peoi espezialistei (2600€) 2021-2023 urteetan.
LABek, CCOOk eta UGTk sinatutako edukiek erosahalmenaren galera hori ontzat emateaz gain, 2024-2026 urteetarako hitzarmen berrian berreskuratzeko ahaleginik ere ez dute egiten.ELArentzat, hitzarmen berriaren indarraldiko urteetan erosteko ahalmena bermatzeaz gain, ezinbestekoa zen aurreko urteetan galdutakoa berreskuratzea.
Bestalde, Madrilgo lan erreformen aurkako blindajea ere ez da lortu, eta hori ere ezinbesteko baldintza da ELArentzat, hitzarmena ez aplikatzeko aukera patronalen eta enpresen esku utzita. ELAk lanean jarraituko du benetako hobekuntzak ekarriko dituen hitzarmen bat lortzeko.