MADERAS DE LLODIO

ELAk ez du onartu zuzendaritzaren proposamena eta defendatu du grebarekin eta bide juridikoarekin jarraitzea

ELAk ez du onartu zuzendaritzaren proposamena eta defendatu du  grebarekin eta bide juridikoarekin jarraitzea
Laudioko Maderas de Llodio enpresako ELAko afiliatuek batzarra egin dute gaur zuzendaritzak joan den astean aurkeztu zuen proposamena baloratzeko. Batzar horretan, afiliatuek uko egin diote proposamenari, eta grebarekin jarraitzearen alde egin dute.

Langileak greba mugagabean daude irailaren 22tik, aurreko astean bi greba egun egin ostean, enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera gera dadin eskatzeko. Izan ere, enpresak aurkeztutako dokumentazioak eta datuek ez dute ekoizpen arrazoirik egiaztatzen, eta kontraesankorrak zein okerrak dira. Hori dela eta, ELAk errekurtsoa aurkeztu du enplegu-erregulazioko espedientearen aurka, eta kautelazko neurriak eskatu ditu, Garnica Taldeak Laudioko lantegiko lan kargaren zati bat deslokalizatu ez dezan.

Bada, enpresaren proposamenak ez du barne hartzen enplegu-erregulazioko espedientea kentzea, eta edukiak ez dira nahikoak honako puntu hauetan:

- Enpresak lan kargaren %20 deslokalizatu nahi du gutxienez (hasieran planteatutakoaren erdia edo gehiago), eta bi urtez Laudiorako lan karga partzialki bermatzeko konpromisoa hartu arren, enpresak Garnica Taldeak zenbait lan kargei dagokionez ulertzen duen "errentagarritasunaren" arabera hartuko du erabakia.

- Irteera guztiak ez dira borondatezkoak, enpresak zeharkako eskulaneko 3 pertsonari jarri baitie betoa, eta horiek nahitaez aterako lirateke.

- Enpresak bi urtez konpromisoa hartzen du kaleratze kolektiborik ez egiteko, baina ez du konpromiso hori jasotzen banakako kaleratzeei dagokienez.

ELAk positibotzat jo du enplegu erregulazioko espedientearen bidez kaleratutako pertsona gehienek Laudioko Maderasera itzultzeko aukera izatea, baina proposamenak oraindik ez du enplegu-erregulazioko espedientea kendu, eta Laudioko lan kargaren deslokalizazioari eta nahitaezko zenbait irteerei eutsi zaie.